Malostek eztanda egin du
Eurokoparen final-hamaseirenetako joanekoan, Lointek Gernika Bizkaia 18 puntugatik nagusi izan da Malosten. Partidua hasieratik amaierara arte kontrolpean eduki du etxeko taldeak. Jokalariak bikain, eta zaleek ere dena eman zuten harmailetan.
Lointek Gernika Bizkaia eta KSC Szekszard. Eurokoparen final-hamaseirenetako joanekoa. 18 puntuko errenta. Emozioa eta joko ona. Beste behin, talde lan ederra. Gernika-Lumoko taldeak 91-73 irabazi zion talde hungariarrari, atzo.
Maloste pil-pilean. Jokalariak bikain eta etxeko zaleak ere ezin hobeto. Orain, bueltakoan lehiakorrak izatearen garrantzia nabarmendu zuen Mario Lopez entrenatzaileak atzo gauean. Ondo lehiatzea giltzarria izango da. Errenta polita lortu arren, oraindik ez dago ezer erabakita, eta datorren eguaztenean [urtarrilak 29] partidu ona egin eta hurrengo kanporaketara sailkatzea dute helburu: “Denboraldi honetan taldeak erakutsi du edonon eta edozeinen kontra ondo lehiatzeko gai dela”.
Partidu “oso ona” jokatu zutela adierazi zuen entrenatzaile gernikarrak: “Taldeak egin duen partiduagaz pozik egon behar gara. Azken minutuan izan ezik, partidu osoan taldea oso ondo egon da atzean. Errebotean apur bat sufritu dugula egia da, baina, partiduko erritmoa guregan egon da momentuoro”. Talde hungariarrak defentsa asko sendotu zuen. Partidu hasiera falta askokoa izan zen.
“Denboraldi honetan taldeak erakutsi du edonon eta edozeinen kontra ondo lehiatzeko gai dela”
Emozio bizia eta saskibaloi erakustaldia. Apartekoa eta ikusgarria. Talde sendoa osatu dute denboraldi honetan, eta banan-banan maila ona ematen ari dira, baina, batez ere, talde lanean nabarmentzen ari da Lointek Gernika Bizkaia. Hasieratik amaierara arte partidua kontrolpean eduki zuen atzo. Jokaldi biziak, kontraerasoen interpretazio bikaina, erritmoa, defentsan sendo, taktika zehaztasun osoz burututa… Denean asmatu zuen taldeak.
Hasierako minutuetan martxa hastea kostatu zitzaion etxeko taldeari. Aurkaria ondo aztertuta zeukatela igarri zitzaien bi taldeei. Hamar puntuko errenta lortu zuten etxekoek (15-5), baina bi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena: 20-18. Giroa bero-bero zegoen, eta talde hungariarra gero eta erosoago zegoen. Bigarren laurdenaren hasieran, markagailuan aurretik jarri zen KSC Szekszard (20-22). Gero, Naiara Diez kapitainak bi hiruko jarraian saskiratu zituen, eta harmailek eztanda egin zuten. Defentsan pauso bat eman zuen etxeko taldeak, eta minutuak ondo aprobetxatu zituen. 19-3ko partziala da horren erakusle. Talde lanari esker, 46-32ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Hirugarren laurdenean, Marshallek hartu zuten talde hungariarraren gidaritza; 15 puntu egin zituen. Baina Lointekekoek egundoko lana egin zuten, eta erabakigarri aritu ziren. Datuek dena erakusten dute; 21 puntu lortu zituen Milicek, 18 Dietrickek, 13 Wojtak, 12 Arrojok eta 10 Ocetek.
65-48ko markagailuagaz sartu ziren azken laurdenera. Milic-ek gidatu zuen etxeko taldea lehen minutuetan (laugarren laurdenean 21 puntu egin zituen). Partiduko errentarik handiena azken txanpan lortu zuen Lointekek (79-55). Hungariako taldea ez zegoen amore emateko prest, eta errenta gutxitzeko ekinean aritu zen. Saskiratze guztien garrantziaz jakitun ziren bi taldeak; puntu bakoitzak urrea balio zuen. Etxekoen urduritasuna aprobetxatu zuten aurkariek, eta 15 puntura jarri ziren.
Arrojoren hirukoagaz amaitu zen atzoko partidua. Granadarrak bueltako partiduari begira errenta ona daukatela esan zuen: “Baina Eurokopan ezer ez da nahikoa eta gaur atera garen moduan atera behar gara; eurak etxean gogorragoak izango dira eta ez da partidu erraza izango”.
Aurkarien zein euren lanaren irakurketa egin zuen: “Talde oso gogorra dela ikusi da. Talde fisikoa da eta bagenekin irabaztea oso zaila izango zela. Puntuen garrantziaz jakitun, amaieran asko estutzen hasi zaizkigu. Garaipen hau behar genuen, eta lortu dugu. Sentsazio onekin, lan handia egin dugu eta maila horretan jarraitu behar dugu”.
“Garaipen hau behar genuen, eta lortu dugu. Sentsazio onekin, lan handia egin dugu eta maila horretan jarraitu behar dugu”
Zapatuan Lleidan Cadi La Seuren kontra daukaten ligako partiduan pentsatzeko unea dela gaineratu zuen.
Dietrick estatubatuarrak iaz Turkian gertatutakoan pentsatu behar dutela esan zuen, oraingoan errepikatu ez dadin. Joaneko partiduan, 15 puntuko errenta lortu zuten Malosten, eta bueltakoan, 76-58 emaitzagaz turkiarrek errenta hori gainditu zuten. “Horregatik, gogor entrenatu eta jokatu behar dugu. Bueltakoa partidu zaila izango da”. Hungariarra talde erasokorra dela azpimarratu zuen. Prestakuntza oso garrantzitsua izan dela zehaztu zuen: “Taldearen bideo asko ikusi ditugu. Hori garrantzitsua da defentsa eta erasoa prestatzeko”.