"Bizitza eta kapitalaren arteko borroka latz baten erdian gaude"
Euskal Herriko Karta Sozialak deitutako grebarekin bat egin dute eskualdeko hainbat eta hainbat herritarrek. Atzo Merkurion batu ziren urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia egiteko, eta grebarako dituzten arrazoiak zabaldu zituzten.
Euskal Herriko Karta Sozialak deitutako grebarekin bat egin dute eskualdeko hainbat eta hainbat herritarrek. Atzo Merkurion batu ziren urtarrilaren 30eko greba orokorrerako deialdia egiteko, eta grebarako dituzten arrazoiak zabaldu zituzten, horretarako lan asko egin dutela gogoratuz.
“Bizitza eta kapitalaren arteko borroka latz baten erdian gaude”, adierazi zuten atzoko agerraldian. Azken asteetan patronalak eta Gobernuak esan dutenaren arabera, ez dute greba orokorra babestuko, eta horien ikuspuntuaren kontra agertu ziren atzo herritarrak. “Dituzten karta guztiak erabili dituzte pentsiodunen eta sindikatuen arrazoiei balioa kentzeko. Dituzten soldata horiekin greba hau politikoa dela diote, eta noski dela!”, esan zuten Karta Sozialaren sinatzaileek. Hala, pertsonen aldeko politikak defendatzen dituztelako dela greba politikoa argudiatu zuten: “Ez da politikoa herritarren alde egon beharko lukeen gobernua patronalaren alde agertzea?”.
Hori horrela, beste eredu bat “nahi eta behar” dutela adierazi zuten, “diru publikoarekin bizitzak erdigunean jarriko dituena”. Diru publikoagaz bultzatutako zaintzarako zerbitzu publiko eta duinak bermatuko dituen eredua gura dute, baita ere hezkuntza, osasun zerbitzuak, lan baldintzak, eta soldatak eta pentsio duinak bermatuko dituena. “Bizitza osoa lanean igaro eta gero, errespetua merezi dugu”.
Pentsiodunak duela bi urte hasi zirela mobilizatzen gogoratu zuten: “Ez ziren euren bizitzen defentsan bakarrik aritu, denon eskubideen defentsan aritu dira: etorkizuneko pentsioen defentsan, euren seme-alaben eta loben bizitza duinaren defentsan. Horren alde agertu gara Karta Sozialeko eragileak, herritar guztiok behar dugun duintasunaren alde”.
“Bizitzen alde”. Bizitza, lan eta pentsio duinen aldeko greba dela urtarrilaren 30ekoa argi diote. “Etxetik lanera atera eta inoiz bueltatu ez direnen kopurua desagertu arte murriztu dadin lan egingo dugu, kutxazainetan hotzez hiltzen diren etxegabekorik egon ez dadin aldarrikatuko dugu, eta negu gorrian berogailua piztu ezin duten familiarik egon ez dadin borrokatuko dugu”. Halaber, astean 50 ordu lan egin eta 900 euro kobratzen duten horien alde egin zuten agerraldian, baita ere matxismoa pairatzen duten emakume guztion alde, eta bizitza guztia lanean egonda hilabete bukaerara heltzeko txarto dabiltzan alargunak ere gogoratu zituzten.
Eskubideak pertsona guztientzat izan behar direla diote, “bertoko eta kanpotik etorritakoentzako”. Bizi osoa ikasten igaro dutenen alde ere egin zuten, eta ingurugiroarekiko etorkizuna bermatuko duen ereduaren alde agertu ziren.
Pentsiodunen izenean Mikel de la Fuentek hitz egin zuen, eta greba egitea “beharrezkoa” dela adierazi zuen. “Greba beharrezkoa da Gobernuak oraindik zehaztu ez dituen eskaerak egiteko, eta zehaztutakoak noiz beteko dituen galdetzeko”.
Sareren arrazoiak. Sare Gernika-Lumok ere bat egiten du Euskal Herriko Karta Sozialak deitutako grebarekin, ta euren arrazoiak azaldu dituzte. Herri elkarte bat direla esan eta hainbat eragile eta sektorek jendartearen aktibazioa sustatuz bultzatutako greba delako bat egiten dutela esan dute: “Oinarrizko aldarrikapenak lantzeko modu bateratu batean deitu dutelako mobilizaziora”. Eskubide guztiak pertsona guztientzako direla euren aldarrikapena ere badela adierazi dute, eta eurek ere pentsio eta enplegu duinak bermatzearen alde agetu dira.
Parte hartzera deitu. Urtarrilaren 30ekoa zaintza eta kontsumo greba dela gogoratu dute, eta horren alde batzen eta borrokatzen jarraituko dute Karta Sozialaren sinatzaileek: “Badakigulako ez digutela ezer oparituko”. Hala, hurrengo egunetan egingo dituzten ekintzetara gonbidatu dituzte herritarrak.
Gaur, 18:00etan, Bermeoko Kabidxen egingo dute prentsaurrekoa. Asteburuan, berriz, infoguneak jarriko dituzte Gernikan eta Bermeon; Merkurion eta Lameran 13:00etatik 14:30era.
Bestalde, martitzenean Astratik aterako den autokarabanak eskualdea zeharkatuko du. Eta eguaztenean 19:00etan manifestazioa egingo dute bermeotarrek. Gernikan eguen arratsaldean egingo dute.