Bide-segurtasunaren aurkako delitua leporatuta, gizonezko bat atxilotu dute Muxikan
Ausarkeriaz gidatu eta beste gidari batzuk arriskuan jartzea egotzi diote. 38 urteko akusatuak gidabaimena kenduta zeukan, eta drogen proban positibo eman zuen.
Esuko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik jakitera eman dutenez, Ertzaintzak 38 urteko gidari bat atxilotu zuen bart, bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita. Gernika-Lumo eta Muxika arteko Bi-635 errepidean, “ausarkeriaz gidatzen” ari zela zehaztu dute.
Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, akusatuak istripu-arriskuko egoerak sortu zituen, abiadura handian ausarkeriazko ekintzak eginez, eta beste gidari batzuk arriskuan jarri zituen, “ihes egiteko maniobrak egin behar izan zituztelako atxilotuarekin talka ez egiteko”.
23:00ak aldera, Gernikako ertzain-etxeko patruila bat Volkswagen Golf ibilgailu bateko bidaiari bakarra identifikatzen saiatu zen, Bekoibarra poligonoaren inguruan. Une horretan, autoak ihes egin zuen, abiadura handian. Gernikako herrigunetik Bi-635 errepide orokorrera irten zen, Zornotzarako norabidean.
Jazarpenean, ertzainek ikusi zuten aipatutako gidariak “ausarkeriazko maniobrak egiten zituela abiadura handian”, errepideko gainontzeko gidariak arriskuan jarriz. Zehaztu dutenez, horiek “ihes-maniobrak egin behar izan zituzten ihes egiten ari zen ibilgailuarekin talka ez egiteko”. Dudoletako bidegurutzearen inguruan, ihesean zihoan gidariak abiadura moteldu behar izan zuen, beste auto batzuk zeudelako bidean. Une horretan, agenteek harrapatu, eta ibilgailua geldiarazi zioten. Ertzainek egiaztatu zuten 38 urteko akusatuak gidabaimena kenduta zeukala, eta positibo eman zuen drogen zantzu-testean. Test hori Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren laborategietara bidali dute, emaitza berresteko. Behin polizia-eginbideak amaituta, datozen orduetan jarriko dute epailearen esku.