San Polikarpo jaiak ospatuko dituzte asteburuan, Gautegiz Arteagan
Gautegiz arteagatarren herriko zaindaria da San Polikarpo, eta haren omenezko jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Herri krosa izango dute zapatuan, eta Artie dantza taldearen ikuskizuna domekan.
Ekitaldiz beteko dute Gautegiz Arteaga asteburuan. Herri krosagaz hasiko dira jaiak zapatuan, eta herriko zaindaria duten San Polikarporen eguna ospatuko dute domekan.
Domekan, 12:00etan, meza entzuteko aukera edukiko dute herritarrek Andra Mari parrokian. Meza bukatuta, herriko Artie dantza taldeak emanaldia eskainiko du elizburu ondoan. Gero, ohi legez, hamaiketakoa egingo dute elizpean. EinGo musika eta dantza taldea ere Gautegiz Arteagara gerturatuko da, eta kalez kale herria girotzen arituko dira eguerdi partean.
Arratsaldean jaia ez da geldituko, eta Kantu Kolore umeen ikuskizunagaz gozatu ahalko dute herritarrek frontoian. Abesti didaktikoak lantzen dituzte Kantu Kolore proiektuko kideek, eta ikuskizunean zehar umeen parte hartze aktiboa bultzatzen dute: musika jarri eta umeek kopiatu ditzaketen koreografiak jorratzen dituzte. Hala, musikaren bitartez eta dantzatuz, motrizitatea, espazioa eta koordinazioa landuko dute.
Gainera, adin eta gustu desberdinetako haurrei zuzendutako kantak jotzen dituzte, “gurasoek ere familia eta lagun giroan gozatzeko”.
Kros laterketa. Zapatuan, urtero legez, kros lasterketa antolatu du Montorre Eskolako Gurasoen Elkarteak. Azaldu dutenez, adinaren araberako bost lasterketa antolatu dituzte oraingoan: 0-5 urte bitartekoak, 6-8 urte bitartekoak, 9-11 urte bitartekoak eta 12 urtetik gorakoak. Helduena da bosgarren maila.
11:30etan jarri dute hitzordua herriko parkean, eta garrantzitsuena kros lasterketan parte hartzea dela zehaztu dute antolatzaileek.
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak San Polikarpo jaiak tradizio askoko festak direla dio: “San Polikarpo jaiak tradizio handia dute herrian, eta udaletxetik lan egiten dugu sentimendu hori belaunaldi berriei transmititzeko. Horregatik, haurrak izango dira protagonista nagusiak astebururako antolatutako jarduera askotan”.
Egitaraua
Zapatua:
11:30. Kros herri lasterketa, herriko parkean.
Domeka:
12:00. Meza Andra Mari parrokian.
Ondoren. Artie dantza taldearen ikuskizuna elizburu ondoan. Gero, hamaiketakoa elizpean, eta jarraian kalejira EinGo taldeagaz.
17:00. Kantu Kolore umeen ikuskizuna frontoian.