"Greba orokorra feminista izango da"
Gernika-Lumoko Sare Feministak bat egin du urtarrilaren 30erako deitutako grebagaz, eta greba orokor hori feminista izango dela aldarrikatu dute emakumeek.
Gernika-Lumoko Sare Feministak bat egin du urtarrilaren 30erako deitutako grebagaz, eta greba orokor hori feminista izango dela aldarrikatu dute emakumeek gaur eguerdian, Gernika-Lumoko Merkurion.
Pentsiodunen mugimenduak eskatuta, greba orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua izan dela gogorarazi dute emakumeek, “pentsiodunen adarrikapenetatik haratago joateko, eta, pentsioen esparrua gainditzeko”. Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere bat egin du grebagaz.
Mugimendu feministak bizitzak “erdigunean” jarri nahi ditu: “Bizitzak zapalkuntza guztien aurrean jarri gura ditugu. Besteren artean, indarkeriaren, desberdintasunaren, prekarietatearen, sexualitate eredu hegemonikoen, lanaren banaketa sexualen, kontsumo ereduaren, familia patriarkalaren, arrazakeriaren eta edertasun kanonen aurrean”. Hori horrela, aldarrikapen guzti horiek mugimendu feministaren borrokaren parte izan direla arrazoi hartuta, emakumeak greba orokorrera atxikitzea beharrezkoa dela uste dute Gernika-Lumoko Sare Feministako kideek.
Aldarrikapenak. Lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz, greba feministaren planteamenduak bizitzako eremu guztietara zabaltzen direla diote: “Gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortutako bazterretatik eraikitzen da”.
Hori horrela, bizitza prekarioei “ezetz” esango diete feministek urtarrilaren 30ean: “Kapitalaren ugalketak bizitza baliabide ekonomikoa bihurtzen du. Hori dela eta, baliabide mugatuak dituen planeta honetan bizitzaren iraunkortasun kolektiboa bermatzea eta interdependentzia onartzea eskatzen dugu”.
“Gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortutako bazterretatik eraikitzen da”
Halaber, indarkeria matxista eta heteronormatibitaterik gabeko “bizitza anitzak” aldarrikatuko dituzte. Izan ere, sistema heteropatriarkala gizartea osatzen duten erakunde guztietan islatzen dela uste dute. “Sistemak gure izateko eta sentitzeko moduari ezartzen dizkion ereduen aurrean matxinatu egiten gara; biktimak eta sumisak nahi gaituzte”, salatu dute emakumeek.
Arrazakeriarik eta gerrarik gabeko bizitzen alde ere egingo dute: “Defenda ditzagun gure gorputza eta gure lurraldea kolonialismoaren aurrean”. Hala, lurraldeetako eredu arrazista eta faxisten aurrean, ordena koloniala indartzen duten itunak ezabatzea exijitzen dute, “bai iparraldean zein hegoalde globalean”. Gainera, herriei subiranotasuna itzultzea beharrezkoa dela adierazi dute, eta hori egitea exijitu, “herrien biziraupenerako eta burujabetzarako”.
Mugimendu feministak greba feministaren aldarrikapen horiek bere gain hartzeko eskatu die gutun sozialaren parte diren sindikatu eta erakundeei. Horrez gain, herri eta hirietan sortuko diren greba batzordeei horiek lantzeko deia egin diete: “Zaintzak kolektibizateko beharretik abiatzen gara; zainketen kudeaketaren ariketa kolektiboa egitea proposatzen dugu, prozesuan, edukietan eta egunean bertan hauen gestioa mugimendu feministako kide diren emakumeengan eror ez dadin”.
Lanketa prozesuak. Greba orokorra prestatzeko sortutako greba batzordeen parte dira feministak, eta urtarrilaren 30ean besoko morea erabiltzeko deia egin dute. Halaber, emakumeek doan egiten duten lana ikusarazteko asmoz, amantalak leiho eta balkoietara ateratzea eskatu dute, “greban egon ezin diren emakumeengatik”.
Orain, greba prestatzeko lanean dabiltza, eta denbora gutxi geratzen zaiela dakiten arren, gogotsu daude: “Badakigu denbora gutxi dugula grebaren antolaketa prozesuari arreta jarri eta hura zaintzeko, baina mahai gainean ditugun borrokak elikatzeko, gure presentzia beharrezkoa dela uste dugu”.
Greba batzordeetan parte hartzeaz gain, iazko martxoaren 8an euren indarra eta mobilizatzaileko gaitasuna erakutsi zuten Euskal Herriko herri eta hirietan dauden sareetatik lanean jarraitzea ezinbestekoa dela deritze.