Undabason 1,8 hektarea erosteko akordioa lortu du Lurgaia Fundazioak
Azken egunetan, 5.283 euroren truke 1,8 hektareako erosketa akordio bat lortu du Lurgaia Fundazioak. Akordio horrek Urdaibaiko Ibai Sarean 250 metroko lurra berreskuratzea dakar. 2020an Undabaso baso bihurtzeko helburuagaz jarraituko dute.
Lurgaia Fundazioak jakinarazi duenez, 5.283 euroren truke 1,8 hektareako erosketa akordioa lortu du Undabason, Urdaibaiko Biosferako Erreserban.
Erosketa horri esker, Urdaibaiko Ibai Sarean 250 metroko lurra berreskuratuko dute, baita aire zabaleko laboreagaz bukatzea lortu ere. Hori eginda, inguru hori baso bihurtzeko asmoa dute, eta horretarako, besteren artean, bertan dauden Monterreyko pinu landaketen eremuekin eta eukaliptoz betetako lurrekin bukatu beharko dute.
2019an zehar, 46.000 euroren truke 11,89 hektarea erosi zituzten Lurgaia Fundazioek, eta erosketa horiek “neurri handi batean” herritarren laguntza ekonomikoari esker lortu dituztela diote: “Amaitu berri den 2019. urtean 11,89 hektarea erosi ditugu 46.000 euroren truke. Lortutako diruagaz, pinu laborantza bat erosi dugu, pixkanaka-pixkanaka bertoko baso bihurtuko duguna”. Halaber, 30.000 euroko aurrerapen bat ere ordaindu zuten 2019an, urtea amaitu baino lehen oraindik ordaindu behar zituzten 37 hektareengatik.
Lurgaia Fundazioko bazkide diren guztiei eskerrak eman gura izan dizkiete, “ingurune naturalaren aldeko proiektuan parte hartzeagatik”. Hori horrela, jaso dituzten bazkideen kuotak “euren osotasunean” lurrak erostera bideratu dituztela gogorarazi gura izan dute.
Helburu berberak. 2020an bide horretatik “zuzen” jarraitzeko asmoa mantentzen dute elkarteko kideek: “Lur gehiago lortuz, gure ondare naturalari galdutako basoen zati bat itzultzeko lan egiten jarraitzeko asmoa dugu urte berri honetan. Guretzako garrantzitsuena ez da legezko titulartasuna ematea lurrei, basoari erabilera publikoa sustatzea baizik”.
Kutxa habiak. Fundazioko kideek hainbat landaketa egiten zituzten 2019an, eta urtea berdin hasi dute. Hala, hegaztien erreprodukzioari laguntzeko kutxa habiak jarri dituzte. Izan ere, bertan dauden zuhaitzak “oso txikiak” dira, eta ez dago horietan habiak jartzeko aukerarik.
Halaber, Undabaso inguruetako partzela batean pinuak landatu dituztela jakinarazi dute, eta horren ondorioz lur eremua “oso gaizki” geratu dela adierazi. Hori horrela, lurren higaduraren kontrako sedimentu tranpak jarri dituzte pistetan: “Gure helburua uraren abiadura murriztea, lurra bere lekuan mantentzea eta lur hori erreketara iristea saihestea izan dira”.