100 lagun inguruk parte hartu dute Gernika-Lumoko mugak ezagutzeko ibilaldian
1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta urteurrena gogoratzeko, urteroko ibilbidea egin zuten atzo 100 lagun inguruk. Deialdia "arrakastatsua" izan zen.
Lurraldeetako mugak aldakorrak izan dira mendeetan zehar, eta liskarrak sortu dituzte hainbat aldaketek. 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren Gernika-Lumoko udalerria osatzen duten bi herriak, eta urteurrena gogoratzeko urteroko ibilbidea egin zuten atzo inguruetako herritarrek.
Gernika-Lumoko udaletxeko ordulariak kanpaia jo zuenean atera ziren Foruen plazatik ibilaldia egitera animatu zirenak. Guztira, adin guztietako 100 pertsona inguru batu ziren, eta deialdia guztiz “arrakastatsua” izan zela diote Gernikazarra taldeko kideek: “Helburu guztiak bete ziren. Eguraldiak lagundu zuen, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen. Giro bikainean murgildu ginen”.
Aurreko urteetan parte hartzea nahikoa murriztu zela onartuta, antolatzaileentzat “pozgarria” izan da aurtengo bertaratzea: “Aurreko urteekin alderatuta jende asko gerturatu da aurten, leku guztietakoak gainera. Gernika eta inguruetako herritarrez gain, Orozkotik hurbildutakoak ere egon dira ibilaldian”.
Familiarteko giroan, historia eta kirola uztartu dituzte Gernikazarra taldekoek. Izan ere, euren helburu nagusia Gernika eta Lumoren arteko batasuna gogoratzea da. Hala, geldialdiz geldialdi tokian tokiko historia ezagutu zuten bertaratutakoek.
Vicente del Palacio: “Helburu guztiak bete ziren. Eguraldiak lagundu zuen, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen”
Erdi Aroan Gernika Lumok zuen auzoetako bat zela azaldu zuten atzo, eta 1366. urtean, dekretuz, On Tello kondeak Gernika hiri bihurtu zuela gogoratu zuten. Dekretu horrek Gernika Lumorengandik bereiztu, eta Gernikari lursail handiak, eskubideak eta pribilegioak eman zizkion. XIX. mendeak, baina, industriak indarra hartu zuen, eta euren lurraldeetan industria garatzeko asmoz, Gernikan bizi ziren jauntxoek dekretu berri baten bidez bien arteko batasuna lortu zuten.
Geldialdiz geldialdi. Une hori gogoratzeko, Foruen Plazatik abiatuta, bi herrien arteko batasunaren leku adierazgarrienak zeharkatu zituzten. Gernika-Lumoko 8 de Enero kalea igaro zuten lehenengo, eta Pasealekura joan ziren gero. “Pasealekuan ospatu zen bi herrien arteko bateratzea. Leku esanguratsua da”, dio Vicente del Palacio Gernikazarra taldeko kideak. Gero, Batzarretxearen ondoan dagoen eraikinera joan ziren, bertan zegoen-eta Lumoko Udala.
Vicente del Palacio: “Gernika eta inguruetako herritarrez gain, Orozkotik hurbildutakoak ere egon dira ibilaldian”
Handik, Gernika eta Lumoren arteko mugak zehazten dituzten Elorretalandako eta Bilikarioko mojoiak ikusi zituzten. Lehenak Forua eta Lumoren arteko muga zehazten du, eta bigarrenak, berriz, Errigoitia, Lumo eta Muxika herrien artekoa.
Bilikariotik, Lumora joan ziren. Han, hamahiru kilometro inguru ibili eta gero, indarrak hartzeko aukera eduki zuten ibilaldian parte hartu zutenek, Lumoko txokoan hamaiketakoa egin zuten eta. Antolatzaileek, bertaratutako guztiei eskerrak eman zizkieten, “beste urte batez ibilaldia egitera hurbiltzearren”.