Bermeotarren lehentasunak bertatik bertara ezagutzen
Bermeoko Udalaren 2020ko aurrekontuaren gaineko prozesu parte hartzailearen barruan, herritarren ekarpenak jasotzen aritu dira eguerdian, Lameran. Bihar ere 12:00etatik 15:00etara egongo dira bertan.
2020ko aurrekontuetarako prozesu parte hartzailea egiten ari dira Bermeon. Bermeotarren ahotsa entzutea erabaki du udalak, eta horien ekarpenak jasotzeko kalera atera dira gaur.
Lamera da herriko topagune nagusienetakoa eta beraz, leku aproposa herritarren lehentasunak bertatik bertara jasotzeko. 12:00ak aldera hasi dira, eta jendeak erantzun dio udalaren deialdiari. Esaterako, Arrantzaleen Museoan egon den hitzaldia amaituta hurreratu dira Nestor Telletxea Alegria eta Xabier Alarcia Urrutia. “Izaro irlan dagoen hegaztien ikerketari buruzko hitzalditik etorri gara orain. Proiektu horretara diru laguntza gehiago bideratzea gustatuko litzaiguke eta hori adierazi dugu. Proiektu oso interesgarria da; indarra hartzen ari da orain. Ikusi da gauza interesgarri asko daudela egiteko, baina ez dagoela diru laguntza nahikorik. Ikerketa gehiago egiteko diru gehiago lortu ahal bada, hobeto”.
Gometxekin euren lehentasunak ere markatu dituzte. “Adibidez, Tonpoia gune natural legez bihurtzea eta Gaztelugatxeko lanzaderak eta bisita gidatuak jarri ditut nik. Udal ondare eraikinetan inbertsioak ere jarri dut. Bermeon hainbeste eraikin oso zahartuta daude, abandonatuta. Balio historiko handia daukate eta mantentzea garrantzitsua da; Bermeok daukan historia ezin du galdu”, esan du Telletxeak. Espaloiak konpondu eta asfaltatze lanak egitea ere beharrezkotzat jo du Alarciak: “Herrian badaude gune batzuk asfalto zati bat falta dutenak. Eta oso arriskutsua da. Adibidez, motorrak zuloan gurpila sartzen badu, istripu bat egon daiteke, eta espaloietan ere jendea erori ahal da, pasatzen ari da, gainera”.
Klima aldaketaren diagnostikoa eta ekintza plana osatzearen alde agertu da Nerea Bilbao Aparicio, eta Bermeoko euskara, Tonpoia gune natural legez eta udal ondare eraikinetan inbertsioak ageri diren kutxetan ere gometxak jarri ditu. “Adikzio eta menpekotasunei aurre egiteko programan ere jarri dut, gure adinekoak ere drogekin hasi direlako, eta orduan beharrezkoa dela uste dut”. Bilbaogaz batera, Izaro Goitia Ordorika hurreratu da karpara: “Mañuko bidea hobetzea idatzi dut nik; beharrezkoa da”.
Kartoizko kaxetan idatzi dituzte arlo desberdinetan hobetu beharreko herriko kaleak eta auzoak zeintzuk diren. Apurka-apurka kartoizko dorreak osatu dituzte belaunaldi desberdinetako herritarrek. Garbiketa eta argiztapena non hobetu, iriste erraztasuna hobetzeko lehentasuna daukaten auzo-bideak zeintzuk diren, egoera txarrean dauden umeentzako jolas parkeak zeintzuk diren… askotariko gaiei buruzko lehentasunak zehaztu dituzte gazte zein nagusienek.
Eguraldia lagun izan dute gaur eta bihar ere horrela izango da. Ohi legez, Lamera jendez beteta egon da eguerdian. Danel Alberdi Couch and Play enpresako kidea aritu da herritarrei azalpenak ematen eta laguntzen: “Giro ona daukagu. Ikusten da jendeak badaukala interesa horrelako parte hartze prozesuetan. Jendeak badauka interesa eta badauka parte hartzeko ardura. Hasi garenetik jendea hurbiltzen dabil eta euren lehentasunak eta ideiak apuntatzen ari dira. Pixkanaka-pixkanaka bagoaz bidalitako inkesta horretaz gain, beste era batean parte hartzea sustatzen”.
Alberdik gogora ekarri du orain arte agertu ez diren proposamenak ere egin daitezkeela: “Nahiz eta hemen ez egon, ideia berriak mahai gainean jartzeko aukera ere badago. Horretarako dira horrelako saioak. Jendeak askotan pentsatzen du ez dakiela zelan egin edo bere iritziak ez daukala pisurik. Hemendik esaten diogu baietz, etortzeko, oso erraza dela. Guztion artean Bermeo hobea lortu ahal izateko da hau”.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak bermeotarrek euren ekarpena egiteko aukera izatearen garrantzia nabarmendu du: “Gu oso pozik gaude, ikusten dugulako jendeak honetan egun guztietan hainbat inkesta ekarri dituela. Gaur bertan jendeak segitu du inkestak ekartzen. Kontziente gara, agian, beste askok ez dutela aukera hori eduki, edo tartetik eduki inkesta entregatzeko. Metodologia parte hartzaile eta berritzaile edo diferente bategaz, orain aukera daukagu inkesta horretan agertzen diren ekintza horien lehentasunak markatzeko eta modu erraz batean, modu didaktiko batean edonork erantzuteko modukoa da. Pentsatzen dugu herritarren eginbeharra ere badela adieraztea zeintzuk diren ikusten dituzten beharrizanak eta denon dirua, diru publikoa zertara bideratu behar den jakitea udalak”.
Gaur moduan, bihar ere 12:00etatik 15:00etara egongo dira bermeotarrek ekarpenak jasotzen. Ahalik eta parte hartzerik handiena lortu gura dutela adierazi du alkateak: “Jendea animatzea gura dugu. Bihar ere 12:00etatik aurrera hemen egongo gara. Aukera ona da eta jendea parte hartzera gonbidatzen dugu”.