Gernika RTk Ohorezko B mailako liderraren zelaian hasiko du urtea
Getxo RTren eta Gernika RTren arteko partidua 12:00etan hasiko da domekan. Getxoko taldeak ez du ligan partidurik galdu.
Gernika RTren Ohorezko B mailakoek derbiagaz hasiko dute 2020. Domekan, 12:00etatik aurrera, Getxo RTren kontra jokatuko dute ligako aurtengo lehen partidua, Faduran.
Lehen itzulian, 15-18 nagusitu ziren getxoztarrak, Urbietan (3. jardunaldia).
Ohorezko B mailako A multzoko onenak izango dira aurrez aurre. Getxoko taldeak menderaezin jarraitzen du. Denboraldi honetan ez du partidu bakar bat ere galdu ligan, eta 64 puntugaz, lidergoari sendo eusten dio. Gernika-Lumoko taldeak 51 puntu ditu. Babyauto Zarautz RT da multzoko hirugarren sailkatua, 38 puntugaz.
Ligaren 14. jardunaldiari dagozkien partiduak lehiatuko dituzte asteburu honetan. 2019a garaipenagaz agurtu zuten basurdeek, etxean. Hain zuzen, aurreko jardunaldian 46-12 irabazi zion talde gernikarrak Bera-Berari. Gernika RTk orain arte lehiatutako hamabi partiduetatik bi irabazi ditu (12. jardunaldiko Vigoko partidua bertan behera geratu zen).