Final-hamaseirenetan
Eurokoparen 'play off'-etako bueltakoan, Lointek Gernika Bizkaiak 83-56 irabazi dio TSMOKI Minsk talde bielorrusiarrari. Talde lanean nabarmenduta nagusitu da. KSC Szekszard talde hungarriarraren kontra lehiatuko ditu final-hamaseirenak. Joanekoa urtarrilaren 22an jokatuko dute Malosten, eta bueltakoa urtarrilaren 29an.
Historia egiten jarraitzen du Lointek Gernika Bizkaiak. Eurokoparen final-hamaseirenetara ailegatzea zen erronka eta lortu dute. Bielorrusiako TSMOKI Minsk taldea mendean hartu du play off-etan. Joanekoan bost puntugatik nagusitu zen talde gernikarra eta atzo 83-56 irabazi zuen bueltakoa.
Orain, KSC Szekszard talde hungarriarra izango du aurkari final-hamaseirenetan. Joanekoa urtarrilaren 22an [eguaztena] jokatuko dute etxean, eta bueltakoa urtarrilaren 29an, kanpoan.
Itziar Ariztimuñok kantxatik partidua nola ikusi zuen azaldu zuen: “Aurretik ere bagenekien eurak intentsitate handiz hasiko zirela. Bigarren laurdenetik aurrera baloia hobeto mugitzen jakin dugu eta jaurtiketetan ere asmatu dugu. Horrela errenta polita lortu dugu”. Haren berbetan, 40 minututan egindako lan onaren saria da garaipena, eta gozatu izana nabarmendu zuen. Beste behin, zaleen babesa asko igarri eta eskertu dutela esan zuen: “Pila bat animatzen gaituzte beti; bultzada gehien behar dugun momentuetan, beti ematen dute”.
Hurrengo aurkaria ez dutela askorik ezagutzen adierazi du bilbotarrak: “Baina orain artekoen moduan, aurkari gogorra izango dela uste dut. Amets egiten jarraituko dugu; EuroCup-ean daukagun beste aukera bat da eta esperientziaz gozatzen jarraituko dugu”.
Emandako pausoaren garrantzia azpimarratuta, hunkituta agertu zen Mario Lopez entrenatzailea atzoko partiduaren amaieran: “Klubean hainbeste urte lanean egonda, niretzat egun berezia izan da gaurkoa. Eurokopako hamasei talde onenen artean egoteko helburua eduki dugu, eta egun historikoa da klubarentzat. Jokalariak, teknikoak, harrobiko entrenatzaileak, zuzendaritza taldekoak, prentsa… familia hau osatzen dugun guztion lanaren saria da hau”.
Talde lanean nabarmenduta nagusitu zen atzo Malosteko taldea. Lehen laurdenean aurkariak eutsi zion, eta hamazortzina berdinduta amaitu zuten. Baina, bigarrenean etxekoek egindako esfortusari esker, hamabost puntuko errentagaz heldu ziren atsedenaldira. Esaterako, Naiara Diez kapitainak bere talentua agerian utzi zuen bigarren laurdenean, eta Arrojoren eta Loren lana ere erabakigarria izan zen. Bielorrusiarrak hirugarren laurdenean estutzen ahalegindu ziren, eta hirukoekin errenta gutxitu eta partiduan sartu nahi zuten. Halere, etxekoek ondo eutsi zioten eta 21 puntuko aldeagaz sartu ziren azken laurdenean. Partiduko azken minutuetan amore eman zuen talde hungarriarrak. Marta Alberdi harrobiko jokalariak ere jokatu zuen azken txanpan.
Jokalari guztiek egindako lana goraipatu zuen entrenatzaile gernikarrak, “denek dena eman zutelako”. Batik bat, Diezek kapitain modura erakutsitako jarrera eta emandako aurrerapausoa nabarmendu zituen: “Erasoan zalantzekin egon garenean, kanpoko jaurtiketetan oso ondo asmatu du, eta defentsan ere asko igarri da bere lana”.