Muruetako taldeak asteburuan hasiko du Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa
Gizonezkoen taldeak 680 kilokoan eta emakumezkoak 540 kilokoan lehiatuko dira zapatuan, Azkoitian. Domeka eguerdian, berriz, gizonezkoak 640 kilotan ariko dira Mungian.
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren lehen hitzordua zapatuan daukate, Azkoitian. 17:00etan hasiko dute lehia. Gizonezkoak 680 kilotan ariko dira (egun bakarrean lehiatuko dute) eta emakumezkoek 540 kiloko lehen saioa jokatuko dute.
Beste urte batez, Murueta Sokatira Taldeak parte hartuko du goma gaineko txapelketan. 680, 640 eta 600 kilotan lehiatzeko izena eman du, baina 560 kilotan oraindik ez du parte hartzea baieztatu.
680 kilotan zortzi talde ariko dira zein baino zein gehiago txapelaren bila. Muruetagaz batera, Ibarra, Beti-Gazte, Goiherri, Abadiño, 6 Conceyos eta Zuraideko bi talde lehiatuko dira. Emakumezkoen 540 kilotan, Gaztedik, Ibarrak, Txantreak, Beti-Gaztek eta Badaiotzek izena eman dute.
Asteburu honetan eta hurrengoan bina saio egingo dituzte. Domeka honetan gizonezkoak bakarrik ariko dira Mungian. 11:30ean hasiko dute 640 kiloko lehen jardunaldia izango dena. Talde hauek parte hartuko dute: Murueta, Abadiño, Ibarra, Beti-Gazte, Antsoain, Txantrea, Zuraide A eta Zuraide B.
Busturian
Hurrengo asteburuari dagokionez, zapatuan [urtarrilak 18] gizonezkoen 600 kiloko kategoriaren lehen jardunaldia eta emakumezkoen 540 kilokoaren 2. jardunaldia izango dira jokoan, Arabako Burgelu herrian. Domekan, berriz, Busturian ariko dira gizonezkoak; 640 kiloko 2. jardunaldia lehiatuko dute bertan.
Hilabetearen azken zapatuan, Idiazabalek hartuko ditu gizonezkoen 640 kiloko eta emakumezkoen 540 kiloko finalak.
Gizonezkoen 600 kiloko finala, berriz, otsailaren 8an jokatuko dute, Ibarran. 560 kilokoa egun bakarrean erabakiko da: otsailaren 15ean, Berriozarren. Halaber, emakumezkoek egun horretan lehiatuko dute 500 kiloko finala.
580 kiloko kategoria mistoa ere egun bakarrean lehiatuko dute. Otsailaren 16an Ezkabarten ariko dira.