Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatuko dituzte urtarrilaren 30ean
Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikak abiarazi dituzte. Gernika-Lumoko Greba Batzordeak batzarrak egingo ditu urtarrilaren 30a baino lehenagoko martitzen guztietan 19:00etan Astran. Bertan, greba orokorrerako dinamikak zehaztuko dituzte.
Busturialdean, Hego Euskal Herrian bezala, pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen. Duela sei urte, 200 eragiletik gorak Karta Soziala osatu zuten, eta orain bi mugimenduek bat egin dute, urtarrilaren 30erako Greba Orokorra deituz. Azken hamarkadan, krisiaren aitzakipean, pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago egin direla diote. Hori horrela, egoera aztertu eta eraldatzeko gogoz, jauzi bat eman gura izan dute bi mugimenduetako kideek, “lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokatzeko”.
Horretarako, zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna ematea beharrezkoa dela deritze. “Eredu horren ardatz nagusiak dira aberastasunaren banaketa, sektore publikoaren aldeko lana, eskubideak denontzako izatea, euskararen normalizazioa, lurraldeen oreka edota beharraren araberako antolaketa bat edukitzea”, adierazi dute Euskal Herriko eskubide sozialaren kartaren sinatzaileek.
Hala, lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten neurrien aldeko mobilizazio dinamikak abiarazi dituzte. Gernika-Lumoko Greba Batzordea hainbat eragile, elkarte eta norbanakok osatzen dute, eta batzarrak egiten dabiltza egunotan. Hile honetako martitzen guztietan 19:00etan Astran batzeko deia egin dute, “greba prestatzeko”. Mugimendua transbertsala da, eta dagoenerako taldeak eratu dituzte: harrera, komunikazio eta egitarau taldeak. Hala, baina, herritarrei batzarretara hurreratzeko gonbitea egin diete.
Pentsiodunen aldarria. Natxi Aranburu eta Ana Mari Ordoñez Busturialdeko pentsiodunen taldekoak dira, eta urtarrilaren 30ean greba egiteko euren arrazoiak zehaztu dituzte. Aranbururen berbetan, agintean dagoena dagoela, pentsio duinak aldarrikatzen jarraituko dute: “Gobernu berria osatu da Espainiar Estatuan, eta diotenez, aurrerakoia izango da; aintzat hartuko ditu premia gorrian egon daitezkeen sektore guztiak. Ikusiko dugu ea horrela den”.
Pentsiodunek gutxieneko 1.080ko pentsioa eta 65 urterekin erretiroa hartzea eskatzen dute. 30 urte kotizatuta izanez gero, erretiro aurreratua 61ekin hartzeko aukera izatea ere aldarrikatzen dute. Halaber, pentsioa kalkulatzeko 15 urte kontuan hartu behar direla diote. Horretarako, baina, 2011n, 2012an eta 2013an ekoiztutako legeak eta egindako erreformak desegin behar direla uste dute. “Ezberdintasunak haustu behar dira, eta lan, bizi eta pentsio duinetarako eskubidea dugula aldarrikatu behar dugu”, dio Aranburuk.
Ordoñezek gizon eta emakumeen arteko soldata arrakalagaz eta pentsio arrakalagaz apurtzea ezinbestekoa dela argi dauka: “Alargunen egoera ere erdigunera eramatea beharrezkoa da. Euren egoera prekarioa plazaratu beharra dago”. Etxeko lanak eta zaintza lanak duintzea eskatzen dute pentsiodunek, baita gainerako enpleguetan gizon eta emakumeei eskubide berberak aitortzea ere. “Halaber, menpekotasun egoeran dauden pertsona guztiei laguntza zerbitzu publiko, unibertsal eta doakoa legez bermatzea eskatzen dugu. Legepean eta erregulatuta egotea”, gehitu du Ordoñezek.
Enplegu “egonkorrak”. Langileen Mugimenduen izenean, Urko Fernandezek Zapatero eta Rajoyren lan erreformak bertan behera uztea eskatu du, horiek prekarietatea dakartelako. “Hileko gutxieneko 1.200 euroko soldata ere eskatzen dugu, izan ere, uste dugu 900 euroko soldata ez dela nahikoa Eiuskal Herrian bizitzeko”. Enplegu egonkorra sustatzea eta kontratazioan ematen den iruzurra zigortzea ere beharrezkotzat dute. Gainera, lanaldia 35 ordura jaistea aldarrikatzen dute langileek, “betiere soldata gutxitu barik”.
Lan kontratu prekarioak bukatu eta lan beragatik soldata bera bermatzea da feministek urtarrilaren 30eko greba orokorrean aldarrikatuko duten gauzetako bat. “Soldata arrakalari behingoz aurre egitea eskatzen dugu”, adierazi du Iraia Madariagak. Halaber, gaur egun emakumeok jasotzen duten biolentzi estrukturalari “behingoz” neurri erreal eta zehatzak martxan jartzea eskatuko dute.
Beste alde betetik, emantzipaziorako neurri errealak eta ausartak aldarrikatzen dituzte emakumeek: “Doako hezkuntza denei bermatzea eskatzen dugu, baita gutxieneko diru sarreren bermea izatea”. Eta larrialdi klimatikoari aurre egiteko emergentziazko neurriak hartzea ere premiazko dela dio Madariagak. “Larrialdi klimatikoari aurre egiteko beste eredu bat eraiki behar dela argi dago, planetarekiko jasangarriagoa izango den eredu bat”.