Jabi Amorrortu martxarako izen ematea zabaldu dute
Rock the sport plataformaren bidez izena eman behar da. Proba hiru ibilbidek osatzen dute.
Ekainaren 13an [zapatua] egingo dute XI. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturista eta bertan parte hartzeko izen ematea urtarrilaren 1etik dago zabalik, Rock the sport plataforman.
Aurten ere Oizeko erronka egingo dute. Hain zuzen ere, Gernika-Lumotik abiatuta, hiru ibilbide egiteko aukera edukiko dute txirrindulariek.
Oizeko erronka deritzonak 162 kilometro edukiko ditu (3.200 m-ko desnibela). Probaren beste ibilbideak 128 km (1.800 m-ko desnibela) eta 75km-koak dira (1.000 m-ko desnibela).
Aixerrotape Txirrindulari Elkartetik gogora ekarri dute Bizkaiko kostaldeko leku adierazgarrienetatik pasatuko direla aurten ere: Bakio, Gaztelugatxeko Doniene, Urdaibai, Lekeitio…
Proba ez da lehiakorra eta denbora kontrolik hartu gabe burutzeko pentsatuta dago. Hala ere, indarrak neurtu nahi dituztenek Oiz mendiko kronoigoera neurtuan parte hartzeko aukera edukiko dute oraingoan ere. Iazkoan, esaterako, Julen Uranga Letamendiak egin zuen denborarik onena; 34 minutu eta 20 segundoko marka egin zuen eta zazpi segundoko aldeagaz heldu zen Ekaitz Lejarzegi Urizar.