Gernika-Lumoko mugetatik ibilaldia egingo dute domekan
Domekan, goizeko 08:45ean batuko dira Gernika-Lumoko Foruen plazan, eta 09:00etako kanpaien soinuagaz batera aterako dira Lumorantz. Guztira, hiru ordu eta erdiko ibilbidea egingo dute.
Urtero legez, Gernikazarra Historia Taldeak antolatuta, Gernikak eta Lumok bat egin zuteneko urteurrena gogoratzeko ibilaldia egingo dute. 1882ko urtarrilaren 8an batu ziren, eta urteak dira egun hori gogora ekartzen duten ibilaldia egiten dutela.
Domekan, goizeko 08:45ean batuko dira Gernika-Lumoko Foruen plazan, eta 09:00etako kanpaien soinuagaz batera aterako dira Lumorantz. Guztira, hiru ordu eta erdiko ibilbidea egingo dutela jakinarazi dute arduradunek.
Foruen plazatik Lumoko Udaletxe zaharrerantz joango dira, 8 de Enero kalea zeharkatuz. Gero, Landaberde, Elorretalanda eta Errigoiti zeharkatuko dituzte. Bilikariotik Aranara eta handik Lurgorrira joango dira, Zallobieta pasatu eta Lumoko San Pedron bukatzeko.
Gernika hiri bihurtuz. Gernikan hasi eta Lumon bukatuko dute ibilbidea; izan ere, Gernika Lumoren auzoa zen orduko hartan, eta elizatearen portu funtzioak betetzen zituen. 1366an, baina, egoera guztiz aldatu zen, Don Tellok dekretuz Gernika hiri bihurtu zuelako. Hala, Lumorengandik banandu zuen, eta lursail handiak Gernikarenak izatera igaro ziren. Gainera, eskubide eta pribilegioak ere eman zizkion Don Tellok Gernikari. Giro horretan, bi herrien arteko liskarrak gero eta handiagoak ziren.
XIX. mende bukaeran, arrazoi ekonomikoak tarteko, herri bien arteko arazoa konpontzea beharrezko ikusi zuten. Izan ere, industria garatzen hasi zen, eta horrek aberastasuna zekartzan. Gernikak zuen legedia egokia zen industria garatzeko baina ez zeukan leku egokirik hori ezartzeko; Lumok, berriz, alderantziz: lursail egokiak zituen ibarrean.
Egoera horren aurrean, Lumoko eta hiriko buruzagi talde batek Gernika eta Lumoren arteko batasuna bultzatu zuten urtarrilaren 8an. Dekretu berriak horrela zioen: “… La villa de Guernica y la anteiglesia de Luno formarán un solo municipio que se denominará Guernica y Luno. Rigiéndose por la legislación foral el territorio que hoy pertenece a Luno, y a la legislación común el que hasta ahora forma parte de la villa de Guernica”.