Bilketa solidarioa egiten hasi dira Ekoetxea Urdaibain
Urtarrilaren 23ra bitartean erabilitako arropa eta jostailuak batuko dituzte.
Beste behin ere, erabilitako jostailu eta arropa bilketa solidarioaren gunea aurki daiteke Busturiko Madariaga Dorretxean kokatuta dagoen Ekoetxea Urdaibain. Gaurtik martxan dago eta arduradunek azaldutakoaren arabera, urtarrilaren 23ra arte utzi ahalko dira gauzak.
Bilketa solidarioaren gunean utzitako erabilitako arropa eta jostailuak irabazi asmorik gabeko Koopera Ingurumen Zerbitzua elkarteak batuko ditu. Koopera giza ekimena sustatzen duen kooperatiba eta enpresa taldeak osatzen dute. Aipatu elkarteak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu, eta era berean, bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona horien laneratze eta gizarteratzea bilatzen du. Ekonomia Zirkularra bultzatzen duen elkartea da.
Ekoetxea Urdaibaik bultzatutako ekintzak helburu bikoitza duela diote; alde batetik, kolektibo behartsuenekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea, eta bestetik, batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea.