Besaldek Euskal Karabanarako jakiak batuko ditu urtarrilaren 18ra arte
Eskualdeko denda, supermerkatu eta hezkuntza zentroetan egingo dute bilketa, bai eta Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere, astelehenetik barikura, 18:30etik 20:00etara
Urtarrilagaz batera dator Besalde elkarteak (Bermeo Sahararen Alde) Sahararen alde egiten duen janari bilketa. Piztu itxaropena lelopean, Euskal Karabana mugiaraziko duten 16. aldia izango da. Aurten, urtarrilaren 18ra arte luzatuko dute kanpaina Busturialdean.
Helburu nagusia herri sahararrari ahalik-eta elikagai kopururik handiena eramatea dela azaldu dute Besaldeko ordezkariek, errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asetzeko: “Errefuxiatuen kokalekua eta eremu haren egoera bereziagatik, saharar errefuxiatuek Tindoufeko (Aljeria) kanpamentuetan bizirik irauteko ezinbestekoa dute kanpoko laguntza. Saharar herriak 45 urte daramatza Aljeriako basamortu latzean Marokok okupatutako euren benetako herrialdera noiz itzuliko zain. Basamortu horretan ez da ezer hazten, ez dago urik, ez elektrizitaterik, han erakundeek eta herriek bidalitako laguntzagaz baino ez dira bizi”. Hori guztia kontuan hartuta antolatzen dute urtero Sahararen aldeko euskal karabana.
Euskal Herriko herrietan honako gaiak batu behar direla zehaztu dute Besaldekoek: arroza, egoskariak, pasta, azukrea, hegaluzea oliotan eta sardinak. Garbitasunagaz zerikusia daukaten produktuak ere bidaliko dituztela adierazi dute, konpresak, esate baterako, «kanpamentuetan produktu mota hori lortzeak daukan zailtasuna kontuan izanik».
Ohi legez, horiek guztiak Busturialdeko denda, supermerkatu eta hezkuntza zentroetan batuko dituztela azaldu dute, bai eta Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere, astelehenetik barikura, 18:30etik 20:00etara. Kanpainaren baitako bi asteburuetan, gainera, informazioa banatzen egongo dira supermerkatuetan; asteburu honetan Bermeon, eta hurrengoan, berriz, Gernika-Lumon.
Iazko kanpainan 8.448 kilo janari eta produktu bildu ziren eskualdean. Modu horretan, herriak eta udalek adierazi duten eskuzabaltasuna eta elkartasuna eskertu dituzte.
Otsailean abiatuko da Euskal Karabana Tindoufeko kanpamentuetara.