Aurrekontu parte hartzaileari ekarpenak egiteko aukera egongo da asteburuan
Herritarrek etxeetan jaso duten inprimakia aurkezteko azken eguna bihar da; Berhazen, liburutegian edo kultur etxean dauden kutxetan utzi beharko dira galdetegiak beteta
Bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren jakin gura du Bermeoko Udalak, eta horretarako, 2020ko aurrekontuaren gaineko prozesu parte hartzailea abiarazi zuen Gabonak aurretik. Herritarrek euskaraz eta gaztelaniaz banatu den galdetegi bat jaso dute etxeetan. Hala ere, parte hartze prozesua ahalik-eta gehien zabaldu asmoz, kalera aterako dira asteburuan.
Udal arduradunek jakitera eman dutenez, asteburuan karpa bat jarriko dute Lameran. Zapatuan eta domekan egongo dira, 12:00etatik 15:00etara. Herritarrei parte hartzea «erraztea» da asmoa. Hortaz, etxeetara udalak bidali duen galdetegia bete ez duten horiek Lameran jarriko duten karpa horretan edukiko dute parte hartzeko beste aukera bat. Behar duten horientzat, gainera, inprimakia betetzeko laguntzaileak egongo direla zehaztu dute.
Bestetik, bihar da etxeetan jasotako galdetegiak aurkezteko azkenengo eguna. Aipatu galdetegia Berhazen, liburutegian edota Gizarte eta Kultura Etxean jarri dituzten kutxa itxietan utzi beharko dute parte hatu gura duten herritarrek. Galdetegia erantzuteaz gain, adina, sexua eta kale edo auzoa besterik ez dira adierazi beharko.
Herritarren batek galdetegiaren ale gehiago behar izanez gero, Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeo.eus) aurkituko du, eta hortik deskargatu ahal izango duela adierazi dute. Bestela, kutxak jarri dituzten hiru lekuetan ere aurkitu daitezke. «Ahalik-eta herritarren parte hartze handiena» lortzea da Bermeoko Udalaren helburua; izan ere, bermeotarren lehentasunak zeintzuk diren identifikatu gura dituzte, ondoren horiek 2020ko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko. Horrela, bide bat edo beste erabilita, udal gobernuak herritarrak gonbidatzen ditu parte hartzera, eta beraien iritziak eta lehentasunak zuzenean adieraztera.
Udal gobernuak etxeetara bidali duen dokumentuak bi atal ditu. Alde batetik, joan den hilabetean onartu zuten aurtengo aurrekontuan aurreikusitako 25 ekintza nagusiak zerrendatuta jarri dituzte, eta herritarrek bere lehentasunen arabera ordenatu beharko dituzte, 1etik 25era, ordenan, zenbakiak jarrita.
Bestetik, herritarrek euren lehentasunak idatzi beharko dituzte zazpi ekintza zehatzi buruz. Esaterako, espaloiak konpondu eta asfaltatze lanengatik galdetuta, herritarrek zehaztu egin beharko dute zeintzuk diren berritzea behar duten espaloiak edota asfaltatzea behar kale edo bideak; betiere, lehentasunak kontuan izanik.