Inoizko bisitari gehien hartu ditu Bakearen Museoak 2019an
Guztira, 53.122 lagunek bisitatu dute Gernika-Lumoko museoa; aurreko urtean baino 1.252 pertsona gehiagok. Iaz bezala, aurton ere hamaika ekintza egingo dituzte.
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak 2019an inoizko bisitari gehien hartu dituela jakinarazi du. Hain zuzen, denetara, 53.122 pertsonek bisitatu zuten udalerriko museoa iaz. 2018ko urteagaz alderatuta, 1.252 pertsona gehiago izan dira museora bertaratutakoak.
Urtero legez, munduko txoko ezberdinetatik iritsitako jendea egon da museoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoatik, esaterako, 7.887 pertsonek bisitatu dute, eta espainiar estatutik, berriz, 13.660. Europearrak 26.435 izan dira, eta amerikarrak, aldiz, 3.564. Beste toki batzuetakoak ere bertaratu dira, 1.576 hain justu; zifra horretako gehienak Asiatik gerturatu dira.
Era berean, Bakearen Museoaren hezkuntza sailak antolatutako jardueretan 4.541 ikaslek parte hartu zuten; besteren artean, udalekuak, tailerrak edota ibilbideak prestatu zituzten. Zifra guzti horiek museoaren bultzada berresten dutela diote arduradunek.
Hori horrela, 2019ko balantzea “oso positiboa” dela diote, eta antolatutako jarduera kopurua 2018koa baino “lasaiagoa” izan den arren, aurrera eramandako proiektuak nabarmendu dituzte: “Momoritour Gernika ibilbide gidatuen berritasuna izan dugu 2019an, baita museoko bigarren solairuaren zati baten birmoldaketa ere. Ikus-entzunezko proiekzio batzuk jarri ditugu bertan, bonbardaketa bizi izan zuten pertsonen testigantza berriekin, eta udalerriko haur zein helduekin”.
Halaber, liburu bat ere argitaratu berri dute bertsio digitalean. Gernika Udabarri haretan izeneko liburuak 1937an atzeguardiako bizitzaren birsortze historikoari buruzko informazio guztia biltzen du. 2018an burutu zuten, udalerriko beste elkarte eta boluntariorekin batera. Orain, Bakearen Museoaren webgunean eskuratu daiteke doan.
Egitasmo berriak prest.
Hamaika ekintza antolatu zituzten iaz, eta aurten egiteko hainbat dituzte aurreikusita. Horien artean. Migraid izeneko proiektua nabarmendu dute. 1918-1949 urte bitartean Europako migrazioa eta laguntza humanitarioa zelakoa izan zen aztertuko duen proiektua da. “Proiektuaren xedea urte horietan Europan egondako erbesteratu eta migrazio fluxuak aditzera ematea da, bolondresek eta elkarteek izan zuten garrantzia azpimarratuz”, adierazi dute arduradunek. Proiektuak tailer eta erakusketa ibiltariak bultzatuko ditu.
Halaber, jakinarazi dutenez, aldi baterako hiru erakusketa berri hartuko ditu museoak, eta zerbitzu berriak ezarri eta daudenak indartuko dituzte. Bi Memoritour Euskadi berri egingo dituzte, eta Momoritour Gernika izeneko ibilbideetan bisita gidatu gehiago sustatuko dituzte urte guztian zehar.
Aurten, gainera, martxotik irailera bitartean, museoa astelehenero egongo da zabalik goizez –10:00etatik 14:00etara–. Domeketan, aurten egin legez, doako sarrera egongo da. Urtarrilean, baina, museoa itxita egongo da, “urteko mantentze lanak egiteko”. Urtarrilaren 30ean, Nazioarteko eskolarteko bakea eta biolentzia ezaren egunean, berriro zabalduko ditu ateak.