"Nire ametsa Gernika-Lumon erakusketa egonkor bat jartzea da"
Urtarrilaren 10era bitartean, josteko makinen erakusketa ikusi ahalko da Gernikako Kultur Etxean. Luis de Pedrok bere bildumako makina berezienak ikusgai jarri ditu.
Zer nolakoa litzatekeen mundua josteko makinarik barik galdetzen dio bere buruari Luis de Pedro Gernika-Lumoko bizilagunak eta josteko makinen bildumagileak. Berarentzat ezinezkoa litzatekeela dio. Ustekabean egin zuen topo josteko makina zahar bategaz, eta, ordutik, bere pasio bilakatu dira. Hala, dituen makina guztiekin udalerrian erakusketa egonkor bat egitea gustatuko litzaioke.
Zer aurkitu dezake bisitariak Kultur Etxean ikusgai dagoen erakusketan?
110 josteko makina baino gehiago ikusi ahal dira bertan. Guztiz makina desberdinak daude, garai eta herrialde desberdinetakoak: sakuak josteko makinak, zapatak edota moketa jostekoak. Batzuk handiak dira, beste batzuk, berriz, oso txikiak. Josteko makinen desberdintasun horiek ikusteko balio du erakusketak. Kultur Etxean dauden makinak ditudan guztien herena baino ez dira. Guztira, 350 baino gehiago ditut, denak desberdinak. Ikusgai jarri ditudanak esanguratsuenak dira. Denak ekarriko nituen, baina banatu egin behar izan ditut.
Zeintzuk dira berezienak?
Bartzelonan egindako lehenengo josteko makina ikus daiteke, baita Euskal Herrian egindako lehenengoak ere; oso garrantzitsuak dira Eibarko Alfa eta Elgoibarko Sigma. Munduan oso toki gutxitan ikusi ahal diren bakarren bat edo beste ere badaude; besteren artean, Alemania ekialdeko bat dago, objektu lodiak josteko balio duena.
Lehenengo josteko makinak zein gaur egunekoak daude?
Lehenengo makina 1851. urtean egindakoa izan zen. Aurretik ere egon ziren, baina egurrezkoak zirenez, erre egin zituzten. Gero, Ameriketan sortu ziren 1851n, eta nik 1852. urtean Ingalaterran egindakoa daukat ikusgai. Munduko lehenengo makinak egin zituzten bost herrialdeetakoak dauzkat: Amerikako Estatu Batuetakoak, Ingalaterrakoak, Alemaniakoak, Kanadakoak eta Frantziakoak. Halaber, gaur egungo makinak ere ikusi ahal dira, marka ezagunetakoak.
Helburua zein da?
Josteko makinen ezaugarriak ezagutaraztea bilatu dut. Lehen zelakoak ziren ikusi eta euren garapena aztertu ahal izateko. Ez da erakusketa bat gehiago. Erakusketa honek kontzientziak astintzen ditu, josteko makinak gure amonen zein gurasoen etxean ikusi ditugulako; horrek sentimentuak eragiten ditu. Baina ikusgai dauden makinak ez dira aurkitzeko errazak, eta bakoitzak ezaugarri bereziak ditu. Makina bakoitzak milaka istorio ditu. Jendearen emozioa ikustea asko gustatzen zait.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Nire emaztea jostuna da, eta 1976. urtean Gernika-Lumon denda bat jartzea pentsatu genuen. Hala, josteko makinak aztertu genituen han eta hemen. Hasiera batean ez nituen antzinako josteko makinak ezagutzen, baina 1998an Bartzelonako josteko makinen azokara joan nintzenean, makina historikoak ikusi nituen. Merkatua aztertzen nengoela, sarreran zeuden makina zaharrak ikusi eta asko gustatu zitzaizkidan. Azkenean, zahar bat erosi nuen. Orduan hasi nintzen afizio honegaz, eta oraindik jarraitzen dut. Josteko makina asko ditut, baina beti baten bat falta zaidala uste dut. Beti nabil berriak bilatzen.
Orain dela 43 urte hasi zinen makinak begiztatzen. Lan zaila izan da dituzunak biltzea?
Hau ehiza egitea legez da. Batzuetan nahi duena lortzen du ehiztariak, eta beste askotan ez. Momentu on eta txarrak izan ditut. Egunero josteko makina berri bat ezagutzeko eta aurkitzeko gogoz jaikitzen naiz. Azokak antolatzen dituzte, eta horietan hainbat gauza aurki daitezke. Hala ere, kontaktuak edukitzea oso garrantzitsua da. Hala, zerbait berezia dagoenean, abisatu egiten didate. Makina bereziak aurkitzea eta horiek lortzea ez da erraza, denbora eta espazio asko edukitzea suposatzen du.
Erosi eta gero, prest jarri behar dira, gainera.
Horrek ere ilusio berezia egiten dit. Erosterakoan, beti dute konpontzeko zerbait. Etxeetan dauden asko ez dira erabiltzen, eta horrek makinak zaharkituta geratzea dakar.
Afizio asko dago josteko makinak batzeko?
Ez dago asko, ez daude bildumagile ezagun asko. Hala ere, badaude ezagunak diren batzuk. Niretzat erakusketa hau oso berezia da, munduan horrelako oso gutxi ikusi ahal direlako. Zergatik? Munduko alde guztietako josteko makinak ditudalako. Izan ere, Euskal Herriko gehien ditudan bildumagilea naiz.
Lehen gehiago ikusten ziren?
Ez direla horrenbeste ikusten dio jendeak, baina josteko makinak beti izan dira garrantzitsuak. Josteko makinak asmatu zituztenean mundua aldatu zuten. Orduan hasi ziren josteko tailerrak eta modak. Hala, herrialde bakoitzak xehetasun bereziak zituzten makinak sortu zituen. Euskal Herrikoek lehenengoetatik ikasi, eta 70eko hamarkadan oso makina onak eraiki zituzten Eibarren. Prestigio handikoak ziren Europan.
Lanbideak ere sortu zituztela esango zenuke?
Lan eta ilusio asko eragin dute josteko makinek. Izan ere, industriak ere bultzatu zituzten, makinak egiteko eta horiek beharrezkoak zituzten objektuak sortzeko. Gernika-Lumon egiten zituzten, esaterako, makinak koipeztatzeko objektuak. Gaur egun ere, lanbidea sortzen dute. Ez dela josten uste dute hainbatek, baina pentsatzen duguna baino gehiago josten da. Jantzi eta zapatak josteko makinei esker egiten dira.
Makinen balioa ezagutarazteko erakusketa gehiago egitea gustatuko litzaizuke?
Nire ametsa ditudan josteko makinekin Gernika-Lumon erakusketa egonkor bat egitea da, eta hori lortzeko ahaleginak egingo ditut. Herritarren gozamenerako izango den erakusketa egitea gustatuko litzaidake. Izan ere, Zamoran jaiotakoa naiz, baina gernikar sentitzen naiz. Ateak zabalik izan ditut beti. Bertan egin ezin badut, inguruan egitea gustatuko litzaidake. Izan ere, Euskal Herrian oso garrantzitsuak izan dira josteko makinak.