Martxoaren 7tik 14ra ospatuko da Gernikako Lekuek
Behin-behineko kartela atera dute, eta datozen asteetan iragarriko dituzte kontzertu gehiago
Zazpigarrena ere prestatu dute. Martxoan, 7tik 14ra, musikaren kultura zabalduko da herrian, Genikako Lekuei esker. Gernika-Lumoko kaleak musika ardatz izanik, ekintza ezberdinek eta kontzertuek beteko dituzte Lekuetako zazpi egun eta gauak.
Boluntarioen bultzadari esker egiten dute festibala urtean-urtean, eta Gernikako bilgune ezberdinen ekarpena ere azpimarratzekoa da. Astra, Iparragirre Rock Elkartea eta Trinkete Antitxokoa dira jaialdiaren ardatz eta bultzatzaile nagusiak, baina izan ere, gehiago dira Lekuek festibalagaz bat egin duten lekuak: Arrate Estudioa eta Lizeo Anztokia, kasurako.
Antolatzaileek diotenez, “urte luzeetan herriari kultura eskaintza alternatibo eta independentea emanaz lan egin dute, bereziki musika munduaz arduratuta, eta aurrekoetan bezala, guztion kultura gogobeteko dute, bai herriko bai munduarteko talde eta ekitaldiekin gozatzeko aukera emanez”.
Zuzeneko emanaldiak bakarrik ez, tailerrak, erakusketak, hitzaldiak edota proiekzioak ere izango dira jaialdiak irauten dituen zazpi egunetan.
Gernikako Lekuek jaialdirako bonoak salgai daude 25 eurotan. Gernika-Lumoko Astran eta Aterpe, Ospa eta Zaplast tabernetan erosi daitezke. Banakako sarreren salmenta, bonoak, programa eta informazio eguneratua gura duenak www.gernikakolekuek.com atarian eskuratu daitezke.
Festibalaren behin-behineko kartela ere iragarri dute, eta datozen asteetan emango dute kontzertu gehiagoren berri.