Marijesiek Lizeo Antzokia beteko dute gaur, beste behin
Arrakasta "itzela" eduki dutela diote, eta sarrerak agortu ostean, hirugarren proiekzioa egingo dute urtarrilaren 3an Elai-Alai areto txikian 19:30etan. Foruarrek abenduaren 23an, 19:00etan, udaletxean ikusiko dute.
Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan proiektua aurkeztu eta estreinatu zuten pasaden astean Gernika-Lumoko Marijesiek. Gaur ere, dokumentala proiektutatuko dute Lizeo Antzokian, eta sarrerak agortu direla aurreratu dute.
Hori horrela, eta Marijesien proiektua zabaltzeko asmoz, urtarrilaren 3an ere ikus-entzunezkoa ikusteko aukera izango dute gernikarrek; kasu horretan, baina, Elai-Alai areto txikian 19:30etan jarri dute hitzordua.
“Lizeo Antzokian dokumentalaren lehen proiekzino biak laster bete-bete egin dirala eta, Gernika-Lumoko Kultura Etxeak beste hirugarren emonaldi berezia aurrikusi du, urtebarri egunetan egingo dana”, adierazi dute Marijesiek. Hala, sarrerak zenbatu bakoak izango direla esan dute, eta gaurtik aurrera eskuratu ahalko dira Lizeo Antzokiko takilan.
Foruarrek, berriz, lehenago ikusi ahalko dute. Izan ere, abenduaren 23an, 19:00etan, udaletxean proiektatuko dute.
Proiektua.
Marijesien ohitura batzea, gordetzea eta transmititzea bilatu dute proiektuagaz: “Gure proiektu honek tradizio hau batu, gorde eta transmititu gura du bere balore eta guzti, besteak beste, gernikarron ikur bihurtu delako”.
Proiektua bost euskarritan banatu dute Marijesiek: dokumentala, audio diskoa, kopladun liburuxka, zabalkunde liburua eta webgunea. Euskarri bakoitzean eduki desberdinak jasotzen dituzte.
Domekumentalak 50 minutu irauten du, eta Oier Plaza zuzendari gernikarrak burututakoa da. “37 pertsonen testigantzak jaso dira banakako elkarrizketetatik. Halaber, Gernikako Marijesien taldea eta Andra Mari Korala kantuan ageri dira”.
Proiektuak sortu duen ikusmira eskertu dute Marijesiek: “Areto bete-beterik egon zen, eta bertan ikusten egon zirenen esanetan dokumental ederra, emozionantea, hunkigarria, gozoa, osoa eta tradizionala zela esan ziguten. Gernikarrontzako apartekoa! Txalo ederrak entzun genituen eta jenteak pozik urten zuen”.
Hala, Gernikako Marijesien webgunea bisitatzeko gonbita egin diete herritarrei. Halaber, bilduma osoa hurrengo saltokietan dago eskuragarri: Turismo Bulegoan, Gaubekan, Obaban, Samaiz eta Berezin edota Euskal Souvenirsen.