Euskadiko Barraskilo Lehiaketa egingo dute abenduaren 22an
Etxeko kazolen lehiaketa egingo dute aldi berean, eta gernikarrek bakarrik parte hartu ahal dute horretan
Beste urte batez, Euskadiko Barraskilo Txapelketa egingo dute Gernika-Lumoko merkatu plazan. Domekan egingo dute, eta 38. edizioa izango da. Lehiaketara aurkezten direnek guxtienez bi kilo barraskilo aurkeztu beharko dituzte. Gura duenak, aldez aurretik etxean egosita ekarri ditzake, baina Gernikako plazan kozinatu beharko dituzte.
Euskadiko txapelketan parte hartu gura dutenek, bi kazola aurkezteko aukera izango dute, eta bakoitzak bi kilo karakol eduki beharko dituela jakinarazi dute antolatzaileek. 10:00etan hasiko da lehiaketa eta parte-hartzaileen artean bi sari banatuko ditu epaimahaiak.
Lehenengo saridunak 150 euro irabaziko ditu, eta Gabonetako otzara bat. Bigarren sarituak, berriz, 120 euro eskuratuko ditu.
Euskadiko Barraskilo Txapelketarekin batera, etxeko kazolen lehiaketa ere egingo dute, aldi berean. Lehiaketa horretan gernikarrek bakarrik parte hartu ahalko dute. 10:00etan hasiko da hori ere. Parte-hartzaileek kazola bakarra aurkeztu ahal izango dutela zehaztu dute antolatzaileek.
Etxeko kazolen lehiaketan Gernika-Lumoko Udalak sei sari emango ditu. Lehenengo irabazleak 60 euro eta Gabonetako produktuen sorta eskuratuko ditu.
Lehiaketetako emaitzak 14:00etatik aurrera emango dituzte jakitera.
Era berean, eta gune beran, Nazioarteko Tiragoma Txapelketa egingo dute Gernika-Lumoko merkatu plazan. 10:00etan hasiko da, eta 14:30era arte iraungo du.