Era guztietako ekitaldiak antolatzea eta koordinatzea helburu dituen proiektuak irabazi du Enpresa Ideien Lehiaketa
Lehenengo saria jaso du Növérek Events era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresak. Lehen sektoreari buruzko ideia onenaren saria, berriz, Eider Urrutia bermeotarrak lortu du Mikobaso ideiagaz.
Yaiza eta Ania Cid Foruria ahizpa gernikarren Növérek Events izeneko proiektuak jaso du 3.000 euroko lehenengo saria. Lehen sektoreari buruzko ideia onenaren saria, berriz, Eider Urrutia bermeotarrak lortu du Mikobaso ideiagaz; 1.000 euroko saria jaso du.
Lehenengo saria jaso duen Növérek Events era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresa da. Gernikarrak dira enpresa ideia horren sustatzaileak eta aurten jarri dute martxan euren ametsa den proiektua: “Gure helburua ez da ekitaldiak sortzea, esperientzia ahaztezinak diseinatzea baizik”. Irabazleak dira, baina ez zutela irabaztea espero onartu dute: “Gure ametsa da proiektua. Oso pozik gaude saria jasotzeaz, ez genuen espero”.
Hala, eskualdean zein inguruan norberaren neurrira egindako zerbitzuak eskaintzea dute helburu. Erakunde zein norbanakoentzako ekitaldien antolakuntza eskaintzen dute, besteak beste, enpresa-ekitaldiak, azokak, ezkontzak, erakustaldiak, kongresuak, kontzertuak, ikuskizunak edo denetariko gizarte ekitaldiak.
Ideia aspalditik zuekaten pentsatuta: “Proiektua orain dela hainbat urtetik daukagu pentsatuta, eta martxan jarri aurretik honetan trebatu gara. Berlinen hasi ginen lagun artean gure proiektua burutzen, eta jendeari gure lana gustatu zitzaion. Gero, udalerrira bueltatu ginen. Taberna batean hasi ginen lanean, eta tabernari bultzada eman asmoz, ekitaldiak prestatzen hasi ginen. Bertan ere jendearen erantzuna ere ona zela ikusita, formaltzea erabaki genuen”.
Ekintzak antolatzea da egitea gehien gustatzen zaien lana, eta horretatik bizi ahal izateko aukera eduki ahal izatea plazerra dela diote: “Ekintza asko ditugu pentsatuta, imajinazio asko daukagu”. Denetariko ideiak dituzte, eta ekintzak antolatzeaz gain, euren “ukitu pertsonala” eman gura diete antolatutakoei: “Ekintzak antolatzeaz gain, gure ukitu pertsonala eman gura diegu ekintzei. Bi emakume ekintzaile gara, lan hau guztiz bokaziozkoa da eta gure sormen guztia garatzeko aukera ematen digu. Dena prestatzen dugu guretzako izango balitz bezala, buru belarri lan egiten dugu”.
Yaiza eta Ania Cid: “Gure ametsa da proiektua. Oso pozik gaude saria jasotzeaz, ez genuen espero”
Jasangarritasuna ere bultzatzen du euren proiektuak. Izan ere, ekintzetarako beharrezkoak diren objektu asko eurak sortzen dituzte, birziklapena bultzatuz. Hala, euren proiektuagaz jarraitzeko asmoz daude: “Eskualdea mugitu behar da, modernizatu. Freskura eta ideia berriekin gatoz, lanari ekiteko prest”.
Basoen ustiapen eredua. Bestetik, lehen sektorearekin lotutako ideia onena Mikobaso izan da, baso ustiapen ereduaren eraldaketan oinarritzen den enpresa ideia. Lursailen erabilera aldatzeko alternatiba jasangarriago bat eskaintzen die bezeroei, hain zuzen ere, etekin ekonomikoaren jatorria aldatzea eta onddoen ekoizpena basoetan ezartzea. Eider Urrutia bermeotarra da ideiaren sustatzailea.
Bere proiektuak biodibertsitatean eta ingurumenean hobekuntzak eragiten dituela dio, eta gizarte osoarentzako onuragarria den jarduera dela gehitu du. “Bertoko onddoak ekoiztean, bertoko produktuen komertzioa sustatzen da, hornitzaile eta komertzio zein jatetxeen arteko sare lokala hobetuz”.
Negozio ideiok martxan jartzen laguntzeko jaso dituzte diru sariak. Lehiaketaren helburu nagusietako bat, ekintzailetza bultzatzeagaz batera, eskualdean lanpostu berriak sortzea bermatzea baita. Gainera, proiektu irabazleek urtebetez Arratzuko Elkartegian langune bat doan erabiltzeko aukera izango dute, Busturialdeko Gazteria zerbitzuek ordainduko baitute langune hori.
Zazpi proiektu berritzaile. Seigarren urtez egin dute Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazteria Zerbitzuek eta Urremendi Landa Garapen Elkarteak antolatutako lehiaketa, eta aurten, zazpi enpresa ideia aurkeztu dituzte eskualdeko ekintzaile gazteek; iaz 13 proiektu aurkeztu zituzten. Guztiei eskerrak eman zizkietan atzo iluntzean Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren egindako ekitaldian, eta gazteek erakutsitako “gogoa, kemena, ausardia eta ilusioa sekula ez galtzeko” esan zieten arduradunek.
Maitane Leizaola Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiaren koordinazioko zuzendariak gazteen ekarpenak gaur egungo kontua direla dio: “Nork dio gazteek ez dutela euren ekarpena egiten? Gazteak ez dira etorkizuna, gazteak gaurtik egiten dituzte ekarpenak. Lurraldearen etorkizunerako eta berrikuntzarako hainbat ideia dituzte, eta Gaztedi Busturialdeak hori bultzatzea du helburu: Gazteei denon lurraldea dena eraikitzen laguntzea”. Esker ona agertu zien parte hartu zuten gazteei, baita udalerriei ere: “Denok elkarlanean gure eskualdearen alde egitea ez da erraza askotan, eta elkarlanean gin dugu”.
Jon Lejarraga: “Lehenengo pausoa eman duzue, ideia berritzaileak izan eta lehiaketarako garatu dituzuelako”
Aritz Abaroa Bermeoko alkartak, berriz, eskualde batek ezin izango lukeela bizi jasangarritasunaren alde egin barik adierazi zuen atzo: “Eskualde batek ezin du bizi jasangarritasuna bultzatzen duten lantegi, aukera, ekintzailetza eta gazterik barik”. Hala, instituzioek eskualdea “eraldatzeko” aukerak eman behar dituztela uste du: “Gure aukera da baliabideak eta tresnak zueri eskaintzea, eskualdean sinistu dugulako eta sinesten jarraitzen dugulako”. Halaber, arrakastarako ez dagoela formula sekreturik esanda, saria jaso eta jaso ez dutenei egindako lana eskertu diete: “Zuen arrakasta erakutsi duzue”.
Beste alde batetik, enpresen munduan ilusioa beharrezko tresna dela azpimarratu zuen Jon Lejarraga Gernika-Lumoko Lanbide Ekimeneko presidenteak. Izan ere, proiektuak aurrera eramateko unean arazo asko aurki daitezkeela dio, baina ilusioagaz horiek bultzatzea posiblea dela adierazi zuen. “Lehenengo pausoa eman duzue: ideia berritzaileak izan eta lehiaketarako garatu dituzuelako”, gaineratu zuen.
Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapenerako Elkartearen presidenteak ere, parte hartzaileei eskerrak eman eta ideia guztiak “oso onak” izan direla zehaztu zuen: “Ekintzaile eta sortzaile asko ditugu Busturialdean. Hurrengo urterako herritarrak animatu gura ditugu parte hartzera”.