Memoria historikoari lotutako bizipenak ikusgai jarri dituzte Foruan
Urtarrilaren 15era arte bisitatu ahalko da erakusketa Foruko udaletxean.
Euskal Prospekzio taldeak antolatutako Oroimenez erakusketa Foruko udaletxeko bilkura aretoan ikus daiteke urtarrilaren 15era arte.
Mauro Saravia argazkilariaren argazkiekin osatuta dago erakusketa, eta memoria historikoari lotutako bizipenak kontatzen ditu. Blokeka sailkatu dute eta horietan mina nola kudeatu, desagertze baten ostean familien berreraikitzea, identitate eta jatorriaren inguruko galderen erantzuna nola bilatu eta ikerketa bat egiteak barnean dauzkan prozesu eta lan multzo ikusezinak azaltzen saiatu da Saravia.
Mugikorrerako, Oroimenez izeneko aplikazio bat ere sortu dute. Aplikazioaren bitartez, erakusketako argazkien atzean dauden beste zenbait argazki ikus daitezke, eta gaiarekin lotutako galderak ere egiten ditu. Aplikazioak modu ludikoan ikasteko aukera eskaintzen du, hain zuzen ere.