Hiri ortuen erabilera eskatzeko epea zabaldu du Gernikak
72 baratze daude erabiltzeko, eta eskaria egiteko epea urtarrilaren 31n amaituko da
Gernika-Lumoko Udalak libre dituen hiri-ortuen adjudikazioa egingo du 2020an, eta eskaria egiteko epea zabalik da. 72 baratze daude libre, eta eskariak urtarrilaren 31 baino lehenago aurkeztu behar dira Udaleko Erregistro Orokorrean. Lursail baten erabilera eskatzeko dagokion inprimakia bete behar da, eta NANaren fotokopia aurkeztu beharko da horrekin batera.
Gernika-Lumoko Udalak 2016an hasi zuen Piperra eta Gatza proiektua, nekazaritza ekologikoa sustatzeko hiri-baratzeak gaitu ahal izateko. Ordutik, bi deialdi publiko egin ditu (2016an eta 2017an), eta hirugarrena luzatu du orain. 130 dira udalaren esku dauden hiri ortuak, 60 eta 75 metro koadro bitartekoak, eta 58 erabiltzen dituzte gaur egun. Libre dauden 72 ortuak administrazio-emakida bidez adjudikatuko ditu udalak, lehia askean, zozketa bidez.
Baratze horiek udalerriko irabazi asmorik gabeko pertsona eta erakundeek erabili ditzakete. Erabilera autokontsumorako izan behar da, eta bertatik ateratako produktuak ezin dira salmentarako erabili.