Mugimendu antinuklearrari buruzko jardunaldia egingo dute Ean
Enaden Begiak Fundazioak 'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentalaren proiekzioa eta Hiroshima eta Nagasakiri buruzko argazki erakusketa antolatu ditu barikurako.
Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalaren proiekzioa eta Hiroshima eta Nagasakiri buruzko argazki erakusketa antolatu ditu Enaden Begiak Fundazioak biharko, Eskolondon; 19:00etan jarri dute hitzordua.
Argazki erakusketa Nagako Ikeguchiren lagunek aurkeztuko dute, eta Hiroshima eta Nagasakiko gertaerak kontatzen dituzten argazkiak egongo dira ikusgai. 1945eko abuztuan, Bigarren Mundu Gerra azken hatsetan zegoela, bonba atomikoak jaurti zituzten Hiroshima eta Nagasaki hirietara.
Bi bonba horiek erabat suntsitu zituzten hiriak eta 200.000 lagun baino gehiago hil zituzten. “Bizirik iraun zutenak erradiazioaren ondorioz hil arteko zauriekin gelditu ziren”, esan dute antolatzaileek. Hala, errealitate hori islatzen duen erakusketa antolatu dute.
Erakusketaz gain, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala ere proiektatuko dute Eskolondon. Dokumentala Bertha Gaztelumendi zinema zuzendariaren ikus-entzunezkoa da. Filma 80. hamarkadako mugimendu antinuklearrean eta Gladys del Estal aktibistari gertatutakoan zentratzen da. 2019ko azaroan Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zuten.
Hala, 1979ko ekainaren 3an, Tuteran, Guardia Zibil batek aktibista hil zuela kontatzen du. Mugimendu antinuklearrak protesta eguna antolatu zuen bertan. Dokumentalak 23 urteko gaztea zelan hil zen aztertzen du. Halaber, aktibistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertaerak ere jasotzen dituela aurreratu dute antolatzaileek; bai Euskal Herrian zen Europan zentratuz.