'H-a galdu duen herria' kultur topaketa egingo dute lehenengoz Ean
Abenduaren 27tik 29ra bitartean ekintzez beteko dute Ea. Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatuta, Ea eta eatarren historia aztertuko dituzte bertaratzen direnek. “Zer izan garen ezagutarazi gura diegu Eako herritarrei zein gerturatzen diren guztiei. Gure helburu nagusia herritarrek herriko historia ezagutzea da”, adierazi dute elkarteko kideek.
Etorkizuna eraikitzeko iragana ezagutu behar dela arrazoi hartuta, H-a galdu duen herria kultur topaketa egingo dute abenduaren 27tik 29ra bitartean Ean. Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatuta, Ea eta eatarren historia aztertuko dituzte bertaratzen direnek.
“Zer izan garen ezagutarazi gura diegu Eako herritarrei zein gerturatzen diren guztiei. Gure helburu nagusia herritarrek herriko historia ezagutzea da”, adierazi dute elkarteko kideek. Oraina bizi dutela diote, eta iraganari ez diotela asko erreparatzen uste dute elkartekoek. Horregatik, etorkizuna eraikitzeko iraganari begirada kolektibo bat eman gura diote. “Etorkizuna margotzeko gure herria zelakoa zen jakin behar dugu, zer izan garen, nortzuk egon ziren bertan, eta zelako izaera zuten. Izan ere, gure markak, ezaugarriak eta izaera defenditu behar ditugu etorkizunean. Garena gara, iragana horrelako izan delako”.
Poesia Egunak antolatu izan dituzte orain arte, baina aurten, bestelako kultur topaketa egitea pentsatu dute, oinarrian Eako herria edukiz: “Aspaldian geneukan gogoa berton zentratzeko, eta bertako egoera modu kolektiboan aztertzeko”. Identitatea ezin dela galdu aldarrikatzeko, H-a galdu duen herria izena jarri diote topaketari. Izan ere, iragana aztertuz gero, XIX.mendera arte, Ea h-rekin idatzi izan zen. “Erdi Aroko dokumentuetan ikus daiteke hori. Bi jauntxo zeuden inguru honetan, bata Arteagakoa eta bestea Lekeitiokoa. Garai hartako dokumentuetan Hea ageri da idatzita, h-rekin. Baina XIX. mendean desagertu egiten da hori”.
H ortografiko horrez gain, Eak beste zerbait galdu duen galdetzen diote bere buruari: “Ez genuke nahi. Izan ere, iraganari begira jarrita, aberastasun handi zabal baten ikurtzat aldarrikatu gura dugu desagertutako letra”. Hori horrela, bide bat egiteko asmoa dute bi noranzkotan: Eatik Heara eta Heatik Eara.
Poesia Egunekin alderatuz, topaketa “oso lokala” izango zela pentsatu zuten hasieran, “Poesia Egunek Euskal Herri osoa batzen zutelako”. Hala ere, ez dela horren lokala uste dute, “lokala dena unibertsala ere badelako. Historia da, eta Euskal Herri osoarentzat interesgarria da”.
Hala, jostunak izango balira bezala, hariari tiraka egiten hasi, eta hiru ildo nagusi zehaztu dituzte. “Guk ez ditugu erantzunak emango, hariari tiraka egiten baino ez gara hasi”, azaldu dute HEA elkarteko kideek.
Zaldi fosilen erakusketa. Lehenengo egunean, 1960ko hamarkadan Ea aurkitu zituzten zaldien hezur fosilak izango dituzte aztergai. Orain dela 100.000 urte inguru horretan zebiltzan zaldien fosilak dira erakusketa batean ikusi ahalko direnak; erakusketa abenduaren 27tik abenduaren 30era, 10:30etik 12:00etara eta 19:00etatik 21:00etara egongo da ikusgai Eskolondon. Barikuan 18:30ean zabalduko dute, eta Equus Caballus Eaensis izeneko espezieak aztegai egongo dira: “Orain dela 100.000 urte Ean zeuden zaldiak itsasertzera erori ziren, eta fosilizatu egin ziren; gaur egun Hazurtoki bezala da ezaguna leku hori. 1960ko hamarkadan aurkitu eta Madrilera eraman zituzten. Gaur egun Bilboko Arkeologia Museoan daude, eta lan asko egin eta gero, bost egunetan izango ditugu herrian”.
Eako lehenengo marka hori dela esanda, erakusketa zabaltzeaz gain, bi paleontologo gerturatuko dira herrira: Xabier Murelaga eta Pedro Castaño. Horiek Ea zelakoa zen kontatuko dute, zelako kostaldea zen.
Abenduaren 28an, Eako herritarren arbasoak zelan bizi ziren aztertuko dute. “Ea ez da sekula paradisua izan. Herri xeheak izerdiak bota ditu itsasoan, baserrian, burdinolan eta errotetan bizia ateratzeko”, adierazi dute. Hori horrela, argazki erakusketa egingo dute, eta argazki horietako asko herritarrek emandakoak direla diote: “Jende askok egin digu ekarpena. Ez dira argazki asko, baina herritarren bizimoduak isaltzen dituztenak dira. Guk Ea biziduna ikusarazi gura izan dugu”.
Gainera, Urrats bat galdu duen herria hitzaldia emango du Iñigo Aranbarrik, eta Eako herritarren memoria poetiko kolektiboa berrosatzea dela bere proposamena esan dute elkartekoek: “Duela 150-200 urtetik hona gure arbasoak nola bizi ziren, eta zein aldaketa sakon egon ziren kontatuko du”.
Zaldiarri 10 liburuxka. Abenduaren 29an jarrituko duten hirugarren arrastoa Julio Cortazar idazlearena da. Izan ere, bere aitona Balendin Kortazar Mendiola Eako Biax baserrikoa zen. Aitonak Argentinara alde egin zuen, eta HEAko kideek gustukoa dute pentsatzea Ea haien herria ere izan zela. Hori horrela, Mikel Soto idazle eta editorea, Oier Guillan aktorea eta Iñaki Zudaire musikaria gonbidatu dituzte Cortazarren obraz hitz egiteko.
Halaber, Zaldiarri 10 liburuxka argitaratuko dute, Julio Cortazarren Pertsegitzailea ipuinarekin. Jon Muñozek itzuli du eta Erramun Endibelandaren puinturekin eta Harkaitz Canoren hitzaurrearekin osatu dute. Liburuxka kultur topaketan egongo dela eskuragarri adierazi dute antolatzaileek. “Liburua opari handia da, zirraragarria”.
Hala, hiru ildo haiei neurria hartzera etortzelko gonbita luzatu diete antolatzaileek nahi duenari: “Hori egitea falta zaigun H-a imajinatzea izango delako”.
EGITARAUA
Abenduak 27:
– 18:30. Hezur fosilen erakusketaren irekiera.
– 19:00. Hitzaldia Pedro Castaños eta Xabier Murelagagaz. Orain dela 100.000 urte (H)ea izan aurretik.
Abenduak 28:
– 12:00. Argazki erakusketaren irekiera.
– 12:15. Urrats galduen herria hitzaldia Iñigo Aranbarrigaz.
Abenduak 29:
– 12:00. Ea, Julio hitzaldia. Cortzarri buruzko hitzaldia Mikel Sotogaz.
– 13:00. Pertsegitzailea liburuaren irakurketa dramatizatua musikagaz.