Eurokoparen play off-etako joanekoa bost puntugatik irabazi du Lointekek
Talde gernikarra 52-57 nagusitu zaio TSMOKI Minsk taldeari gaur, Bielorrusian. Urtarrilaren 9an Malosten erabakiko da kanporaketa.
Lointek Gernika Bizkaiak Eurokoparen play off-etako lehen partidua irabaztea lortu du gaur. 52-57 irabazi dio Bielorrusiako TSMOKI Minsk taldeari. Urtarrilaren 9an [eguena] Malosten jokatuko dute bueltako partidua.
Emaitza positiboa bada ere, kanporaketa erabakita dagoenik ezin dela pentsatu esan du Mario Lopez entrenatzaileak. Etxekoen babesagaz, urtarrileko partidua irabaztea da orain erronka nagusia, taldearen “gorengo mailako historian beste urrats bat” emanez. Zaleek “atsedenik hartu barik” animatzea espero dute.
Belen Arrojo Lointekeko jokalari andaluziarrak partidu gogorra izan dela zehaztu du: “Oso talde indartsua da, eta gauzak zail jarri dizkigu. Garaipen ona da; pozik gaude taldeak lan ona egin duelako. Gure jendeagaz Malosteko partiduaz gozatzeko gogoa daukagu. Gaurkoa bezain gogorra eta intentsitate handikoa zango dela badakigu, baina partidu guztietan egiten dugun modura %100 emango dugu. Zaleentzat ikusteko partidu polita izango da”. Defentsan lan ona egin dutela nabarmendu du Granadako jokalariak, eta aurkarien zonakako defentsak euren erasoko jokaldietan eragin zuzena eduki duela: “Momentu batzutan jaurtiketa edo aukera onak ezin aurkitu egon gara. Hala ere, batik bat defentsa sendoa mantentzeko eta erreboteetan egindako lanari esker, partidua irabazi ahal izan dugu”.
Gaurkoa partidua “parekatua” izan dela eta 40 minutuetan defentsa lan ona egin dutela azpimarratu du entrenatzaile gernikarrak: “Defentsan huts egiteren bat egin dugunean, saskiratzeekin erantzun digute. Ondo jokatzen duen taldea da, eta abantailak ondo irakurtzen dakiena. Atzean esfortsu handia egin behar izan dugu”.
Ocetek, Dietrickek, Wojtak, Arrojok eta Milicek osatu dute hasierako boskotea. 4-0ko partzialagaz ekin diote etxekoek, eta lehen minutuetan, falten bidez geldiarazi dituzte Lointekekoen kontraerasoko jokaldiak. Dietrick-en hirukoak aurretik jarri du talde gernikarra (12-14), eta hamaseina berdinduta amaitu dute lehen laurdena. Bigarren laurdenean, saskiratzea kostatu zaio Lointeki; batik bat kanpoko jaurtiketak lortzeko arazoak izan ditu taldeak. Bartakova etxeko jokalaria eroso aritu da gidaritza lanetan. Baina, hala ere, talde gernikarra margakailuan aurretik jarri da. 15. minutuan, 21-26ko emaitzagaz, partidua “gelditu” da; lau minututan punturik bildu barik egon da Lointek, eta Arrojok gainditu du lehortea.
Lehen zatian atzean seguru ikusi da taldea, eta errebotea kontrolpean eduki du. Atsedenaldira puntu bakarreko abantailagaz heldu da Lointek (27-28). Hirugarren laurdenean taldea hobeto jokatzen hasi dela zehaztu du Lopezek, eta azken laurdenean horri eusten saiatu direla: “Orokorrean egindako partiduagaz pozik gaude. Badakigu bueltako partidurako hobetzeko gauzak badaudela. Malosterako emaitza positiboa daramagu, baina hankak lurrean eduki behar ditugu. Bueltakoa ere oso gogorra izango da. Ezin dugu pentsatu kanporaketa gure alde daukagunik”. Malosten partidu on bat jokatu beharko dutela esan du, “talde on bat mendean hartzeko”.
Hirugarren laurdenean Lointeken defentsa gainditu ezinik egon da etxeko taldea, eta bederatzi puntu bakarrik lortu ditu. 36-41eko markagailuagaz heldu dira azken txanpara. Azken laurdenean, hamar puntuko aldeagaz (38-48) egon da talde gernikarra, baina, defentsako bi hutsegite egin, eta aurkariek ondo aprobetxatu dituzte errenta murrizteko. “Pistan kalitate handiko jokalariak dituen taldea dela erakutsi digu. Jokatzen duten bost jokalariek arrisku jokaldiak sortzen dituzte. Jokalari onak ditu eta barruko jokoa geratzea oso zaila izan da”, adierazi du Lopezek.
Juana Molinak nabarmendu duenez, bost puntuko abantaila lortzea “oso emaitza ona” da eurentzat: “Hasieratik partida irabaztera irten gara, Eurokopan etxetik kanpo irabaztea oso zaila delako. 40 minutu zonakako defentsaren aurka jokatzean, ohi baino erasokortasun gutxiago erabili ahal izan dugu. Erasoan horrelako zerbaitekin aurkitzen zarenean, defentsa da garrantzitsua, eta haiek 52 puntutan uztea defentsan egiten ari garen lan onaren isla da”. Urtarrilaren 9an garaipena lortu eta hurrengo faserako txartela zaleei eskaini gura diete: “Oraindik 40 minutu Malosten daudela ahaztu gabe, gure jendeari hurrengo faserako pasea eskaini nahi diogu. Joanekoa 0-0 izango balitz bezala jokatuko dugu. Gakoa hasieratik partida irabaztera ateratzea izango da, eta abantaila honekin ez konformatzea”.