Busturiko Sarek Goieaskoetxea anaientzako mezu eta opari bilketa egingo du
Abenduaren 24an auzoz auzo ibiliko dira. Hala ere, herriko tabernetan mezuak uzteko liburuak jarri dituzte.
Gogorarazi dutenez, Eneko Goieaskoetxea Alamako (Pontevedra, Galizia) kartzelan dago, Busturitik 730 kilometrora; Ibon, berriz, 230 kilometrora dago, Mont de Marsanen.
Erakusketetan egoten diren moduko mezu liburuak prestatu dituztela azaldu dute. Horiek herriko tabernetan jarriko dituzte herritarren eskura. Azaldu dutenez, urte berrira arte edukiko dituzte herritarrek horietan mezuak idazteko aukera. Ondoren, batutako guztiagaz “montaje antzeko bat” egingo dute kartzeletara bidaltzeko.
Abenduaren 24an, berriz, 17:30ean hasita, mahai batekin ibiliko dira auzoz auzo. Altamiran hasi, eta San Kristobal eta Axpe auzoetan jarraituko dute: «Herritarrek gura dutena ekarri ahalko dute Eneko eta Ibon Goieaskoetxea anaientzat. Liburu bat, kamiseta bat…eta gura duten mezua idatzi ahalko dute horietan».
«Zerbait polita» atera daitekeelakoan, herritarrak animatu dituzte parte hartzera. Informazio gehiago gura dutenek busturikosare@gmail.com helbide elektronikora idatzi ahal dute.
Abenduaren 31n, berriz, 19:30ean, elkarretaratzea eta argazki kolektiboa egingo dute San Kristobal auzoan.