Gernikan eta euskaraz erosteak saria du
'Nik Gernikan' kanpainaren bitartez, herriko merkataritza eta euskararen erabilera bultzatu nahi dituzte
Gernika-Lumoko Udaleko Merkataritza arloak, Euskara sailak eta Gernika-Lumoko Merkatarien Elkarteak kanpaina bateratua aurkeztu dute: Nik Gernikan. Herriko komertzioa, ostalaritza eta zerbitzuak bultzatu gura dute eta, horretarako, Gabonetan herrian bertan eta euskaraz kontsumitzeak sarituko dute.
Hala, ekimenak helburu bikoitza duela azaldu du Iñiko Magunagoikoetxea Euskara eta Turismo zinegotziak. Alde batetik, herritarrok erosketak herrian bertan egitea, batez ere, garai honetan, Gabonak artekoan. Bigarrena, erosketa horiek eta erosketa harreman horiek herritarrek dendariekin euskaraz garatzea. Bi helburu horiek lortzeko, Gernika-Lumok oinarri sendoak dituela gaineratu du: “Gernika-Lumoko saltokiek duten nortasuna, konpromisoa, kalitatea eta konfiantza batetik, eta Gernika-Lumoko merkataritzak euskararekiko duen jarrera, benetan azpimarratzekoa”.
Gaur egun 208 dira Gernika-Lumon Hitzargune kanpainarekin bat egin duten komertzioak, eta hitzarmen horren helburu nagusia da euskara jorratzea eguneroko salmentetan. Beraz, orain aurkeztu duten kanpaina berri horren bitartez, Gernika-Lumo herri bizia izatea da Gernika-Lumok gura duena.
Merkataritzarako udal teknikari Borja Escalonak ere tokian tokiko kontsumoaren garrantzia azpimarratu du. “Merktaritza sailaren helburu nagusia herriko merkataritza txikia sustatzea da. Merkatari txikien sektorea oso ingurune lehiakor eta zailei egin behar die aurre, eta lehiakide berriak agertzen ari dira, gainera”. Horregatik, kanpaina hau herriko kontsumoaren pizgarri izan gura du. Hala, abenduaren 21ean Gernika-Lumon 10 euro baino gehiagoko erosketa egiten duenak telazko poltsa izango du opari. Eta Hitzargune kanpainarekin bat egin duen saltokiren batean erosiz gero, iman bat ere hartuko du erosleak. Turismo Bulegoaren aurrean ipiniko duten mahaian banatuko dituzte poltsak eta imanak. Guztira, 2.500 iman eta 1.200 poltsa atera dituzte kanpainarako, eta zapatuan agortu ezean, 23an ere banatuko dituzte.
Euskararekiko konpromisoa. Euskara sailak ere bat egin du Nik Gernikan kanpainarekin. Herrian euskara sustatzeko eta indartzeko guneak sortzea du helburu, eta hainbat urte daramatza arlo sozioekonomikoa eta, batez ere, merkataritza arloa jorratzen. Euskara teknikari Estiñe Astorkiak azaldu legez, “Nik Gernikan kanpaina modu bateratuan lantzea interesgarri ikusi genuen. Euskara zehar-lerro modura jorratu nahi dugulako, eta horrela dagokigulako. Hizkuntza eguneroko erosketetan ere plus bat da, eta Gernikan plus hori badago. Merkatariek hori eskaintzen dutela gogoratu edo indartu nahi genuen, eta hori eskertzen duten erosleei sari bikoitza eman. Hortaz, Hitzargune kanpainan parte hartzen duen saltoki batean 10 eurotik gorako ersoketa egiten duenak, poltsa eskuratzeaz gain, ba iman bat Gernikan euskeraz erosten dot mezuagaz”.
Magunagoikoetxeak jentea animatu gura ian du Gabonetako erosketak Gernikan egitera, eta gogorarazi du udalak euskararekiko duen konpromisoa ezinbestekoa dela, “gure inguruan euskaraz bizitzeko aukerak areagotu behar ditugu, eta euskaraz bizitzeko helburu horretan merkataritzak duen pisua oso handia da”.