Bizkaiko Goma Gaineko Txapelketaren finala jokatuko du Muruetak, domekan
Murueta, Abadiño, Goiherri eta Laukizko Gaztediko emakumezkoen eta gizonezkoen taldeak Mungiako frontoian lehiatuko dira domeka eguerdian.
Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 640 kiloko kategoriaren bi jardunaldi lehiatu dituzte aurreko asteburuetan, eta asteburu honetan erabakiko da aurtengo Bizkaiko txapelduna. Bizkaiko bost taldek Mungiako frontoian daukate hitzordua, domekan [abenduak 22]. 12:00etan hasiko dute finala. 10:30etik 11:00etara egingo dituzte pisaketak.
Jardunaldia osatzeko, gazte mailako sokatira saioa egingo dute. Abadiño, Getxo HKT, Mungiako Aker Okerrak, Iurretako Heki, Erandioko Goiherri eta Nafarroako Berriozar taldeetako sokatiralariek emango dute erakustaldia.
Ispasterren jokatu zuten domekan Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 640 kiloko kategoriaren 2. jardunaldia eta Gaztediko gizonen taldeak irabazi zuen saioa; 5 puntu lortu zituen Laukizko taldeak. Murueta sailkatu zen bigarren postuan, 4 puntugaz, eta Goiherri hirugarren 3 puntugaz. Abadiño eta Gaztediko emakumezkoak geratu ziren laugarren eta bosgarren, hurrenez hurren.
Abenduaren 1ean Laukizen hasi zuten txapelketa. 1. jardunaldian, herriko gizonezkoen taldea izan zen onena. 12 puntu lortu zituzten Gaztediko gizonezkoek. 9 puntugaz Goiherri geratu zen bigarren, eta 6 puntugaz Murueta hirugarren. Abadiño eta Gaztediko emakumezkoen taldea laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.