Lointek Gernika Bizkaiak gutxigatik galdu du Salamancako partidua
Perfumerias Avenidak 63-59 irabazi dio Lointek Gernika Bizkaiari, ligaren 12. jardunaldian. Talde gernikarra markagailuan aurretik egon da zenbait momentutan.
Perfumerias Avenida eta Lointek Gernika Bizkaia. Emakumezkoen Ligaren bi talde handi aurrez aurre. Zapatuan lehiatu zuten Endesa Ligaren 12. jardunaldiari dagokion partidua Salamancan, eta lau puntugatik irabazi zuten etxekoek: 63-59. Amestu eta borrokatu egin zuten Lointekeko jokalariek, eta garaipena esku artean eduki zuten, baina, etxekoek nagusitzea lortu zuten.
Partidu hasieran eroso aritu zen talde gernikarra, eta bere nortasuna erakutsi zuen kantxan. Bigarren laurdenean, zailtasunen aurrean suspertzen eta indarberritzen jakin zuen, eta hirugarren laurdena markagailuan aurretik amaitu zuen (42-49).
“Markagailuan aurretik egon gara, baina uste dut ez dugula aprobetxatzen jakin. Oreka edo erregulartasuna falta izan zaigu. Lehen bi laurdenak onak izan dira, azken minutuan Avenidari hurbiltzea lortu dugu. Bigarren eta laugarren laurdenetan zazpi puntuko aldeagaz ere egon gara, baina, berehala pare bat saskiratzegaz harrapatu gaituzte. Agian, azken laurdenera nekatuta apur bat ailegatu gara; ez gara bertikal egon eta hori Avenidaren mesederako izan da”, esan zuen partidu amaieran Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak.
Ocetek, Dietrickek, Wotjak, Roundtreek eta Milicek osatu zuten Lointeken hasierako boskotea. Barruko jokoan indartsu hasi zuten partidua, eta bizi jokatu zuten. Neurketa hasi eta bost minutura bederatzina jarri ziren, gero, 12-14 aurretik jarri zen talde gernikarra. Baina, Hayes-en hirukoari esker, etxeko taldeak hiru puntuko errentagaz amaitu zuen lehen laurdena (17-14). Bigarren laurdenean, pare bat minututan saskiratu barik egon zen Lointek. 4-0ko partzialak estualdian jarri zuen taldea, eta Lopezek hutsartea eskatu zuen. Haren zuzenketek eragina eduki zuten, eta 2-6ko partziala egin zuen Lointekek. Baina, Vitola etxeko jokalariak buruhauste asko eman zizkieten. 16. minutuan, zortzi puntuko aldeagaz (28-20), nahi eta ezinean zebiltzan Lointekekoak. Avenidak hamar puntuko errenta ere lortu zuen (32-22), baina talde gernikarra apur bat suspertu eta 34-29ko markagailuagaz ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatia defentsa sendoagaz hasi zuen Lointekek. Deseroso zegoen; erasoan arintasuna falta zitzaion eta urruneko saskiratzeak ez zitzaizkion sartzen. Baina, Roundtreeren eta Arrojoreren hirukoek partidua irauli zuten Lointekentzat (40-37). Roundtreek taldea zuzentzen jarraitu zuen, eta partidua amaitzeko dozena bat minutu falta zirela, markagailuan aurretik jarri ziren: 42-43. Hirugarren laurdenaren parte horretan, taldelanean bikain aritu ziren, eta defentsa lan onari esker estu hartu zituzten etxekoak. 2-18ko partziala egin zuten, eta zazpi puntuko aldeagaz sartu ziren azken txanpara: 42-49.
Markagailuari begiratu barik, azken minutuetan erasokor jokatzen segitzeko agindua eman zien Lopezek, baina, Avenidak defentsa gogortu zuen. Ondorioz, bost minututan 8-2ko partziala egin zuten Salamancakoek. Alde estuari (50-51) eustea ez zen erraza. Dominguezen kontraerasoko biko jaurtiketak irauli zuen markagailua. Azken minutu eta jokaldiak emozioz betetakoak izan ziren. 56-51eko markagailuagaz, Milic kantxaratu eta bere hirukoagaz aldea murriztu zuen Lointekek. Dominguezek hirukoagaz erantzun zuen, eta 59-53ko markagailuagaz sartu ziren azken minutura. Bizirik jarraitzeko itxaropena eman zien Wojtaren hirukoak (59-56) eta Dietrickek ere hiruko itzela sartu zuen zortzi bat metrotatik. Baina, jaurtiketa libreei esker, Avenidak irabaztea lortu zuen.
Eurokopa. Aste honetan bi partidu jokatuko ditu Gernika-Lumoko taldeak. Eguaztenean [abenduak 18] Eurokoparen play off-en joaneko partidua jokatuko du TSMOKI-Minsk-en kontra, Bielorrusian (13:00). Bueltakoa, berriz, urtarrilaren 9an (eguena) lehiatuko dute, Malosten (20:00).
Zapatuan [abenduak 21] ligako partidua jokatuko du etxean. IDK Gipuzkoaren kontrako derbia 19:00etan hasiko dute.
Emakumezkoen Ligaren sailkapenean, hirugarren postuan jarraitzen du talde gernikarra, 21 puntugaz. 22 puntu ditu Perfumerias Avenida bigarrenak, eta 23 puntu Spar Citylift Girona liderrak. Talde gipuzkoarra, ostera, 11.ena da, 15 puntugaz.