Agirre eta Leizaolaren zerbitzuari esker ona erakutsi dio Jaurlaritzak
Gogora Institutuak antolatuta, lehenengo Jaurlaritza erbesteratu zenaren 80. urteurrena eta Leizaola Euskal Herrira bueltatu zenaren 40. urteurrena izan dituzte gogoan, Batzar Etxean
80 urte dira lehenengo Eusko Jaurlaritzak erbesteratu behar izan zuela, Jose Antonio Agirre lehendakaria buru zela. Gainera, atzerrian 43 eman ostean Jesus Maria Leizaola Euskal Herrira bueltatu zela 40 urte pasatu dira. Data horiek gogoan izan asmoz, Lehendakari izandakoen lana aintzat hartu eta esker ona erakutsi zien Eusko Jaurlaritzak atzo, Gernika-Lumoko Batzar Etxean egindako ekitaldian. Bertan bildu ziren, besteak beste, Agirre eta Leizaolaren senideak, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta patxi Lopez lehendakari ohiak eta Jaurlaritzako zein erakunde eta alderdi politikoetako ordezkariak.
Gaur egun lehendakaria den Iñigo Urkulluk berak agertu zien esker ona, “Euskal Herriari eskainitako ahalegin handiagatik eta zerbitzuagatik”. Era berean, konpromisoa erakutsi zuen haien memoria bizirik iraunarazteko, haien adibideari jarraitzeko eta haien legatua sendotzeko. Urkulluk gaineratu zuen Agirrek eta Leizaolak bete-betean asmatu zuetal euskal autogobernua pixkanaka eraikitzeko ereduarekin; “hori izan da, eta da egunerokotasunean Euskadi eraikitzen jarraitzeko dugun eredua”.
Argazki erakusketa. Atzo Batzar Etxean egin zuten ekitaldian erbestera joan behar izan zutenak, eta erbestetik bueltatu ezin izan zirenak izan zituzten gogoan. “Pertsona horiek guztiek gure esker onik zintzoena dute eta, nolabait, beren oroitzapena Gernikako zuhaitzaren beso luzatuetan dugu”, esan zuen Urkulluk.
Ekitaldiagaz amaitzeko, Gogorak antolatuta Batzar Etxeko liburutegian ipini duten Euskal erbestea Gerra Zibilaren ondoren argazki erakusketa bisitatu zuten.