50. urteurrena jai giroan amaitu dute Urdaibai Dantza Taldekoek
Dantza taldearen bandera zaharra herriari eskaini diote, eta herriaren izenean Foruko alkate Mikel Magunazelaiak hartu du.
Mende erdia ospatzeko hainbat ekitaldi eta jarduera egin ditu Foruko Urdaibai Dantza Taldeak 2019. urtean. Ospakizunak, hala ere, amaitutzat eman zituzten zapatuan, jai giroan batuta. Beste behin ere, lehengo eta oraingo dantzariak batu dira elkarrekin ospatzeko.
70 lagun inguru batu ziren zapatu arratsaldean, eta “oso ondo” joan zela esan du Urdaibai Dantza Taldeko presidente Jesus Irazabalek. Kalean ibiltzeko eguraldia ere lagun izan zutela adierazi du.
Udaletxean batu eta herritik kalejiran ibili ziren txistularien laguntzagaz. Zenbait dantza egiteko geldialdiak egin zituzten herriko frontoira iritsi aurretik. Frontoian, berriro, lehengo eta oraingo dantzariak batu eta hainbat dantza egin zituzten. Ondoren, dantza taldearen bandera zaharra herriari eskaini zioten, eta herriaren izenean Foruko alkate Mikel Magunazelaiak hartu zuen. “Alkateak taldearen bandera ondo zaintzeko ardura hartu zuen”, esan du Irazabalek.
50. urteurreneko ospakizunak amaituta, atsedenerako tartea hartuko dute. Hilabeteko oporrak hartuko dituzte, eta datorren urtean martxan hasiko dira berriro, beste hainbat urte dantzan jarraitzeko asmoz.