Dantzazalez beteta dago Bermeo
17:00etatik aurrera bazkalosteko dantzaldia egingo dute Bermeoko Kafe Antzokian. Aiko Taldeko irakasleekin dantza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Hainbat lekutatik etorritako dantzazaleak Bermeon batu dira gaur. Aurretik, egun luzea daukate gustuko duten hori praktikan jartzeko; dantzan egitea. Aikok antolatutako Dantzazale Eguna ospatzen ari dira gaur. Lameran hasi dute eguna 13:00ak aldera, eta 14:30ak inguruan Bermeoko Kafe Antzokira joateko atsedena hartu dute, kafe antzokian bazkaltzen baitaude.
Bazkalosteko dantzaldia ere kafe antzokian egingo dute, 17:00etan. Jotak, jauziak, pasodobleak… entzungo dituzte berriro, eta edonork dantza egiteko aukera izango du Aiko taldeko irakasleekin batera. Roberto Etxebarria eta Idoia Markaida trikikilarien eta Bizkaiko Gaiteroen musikarekin dantza egingo dute dantzazaleek lehenengo, eta guateke tradizionalagaz jarraituko dute ondoren. Zapatuko egunari Mi carro-gaz emango dio amaiera Aiko dantza taldeak.