Bertoko esentziekin bete dute Bermeoko udal azoka
Busturialdeko ekoizleek beraien produktuak aurkezteko aukera izan dute, eta ondoren herritarrek horiek dastatzeko aukera eduki dute.
Berezia izaten da gaurko eguna Bermeoko udal azokan. Egunez egun euren produktuak azokan saltzen egoten direnekin batera, bertoko beste hainbat produkturen ekoizleak ere bertaratzen dira, eta Gabonetako azoka antolatzen dute. Aurten, gainera, Urdaibaiko Esentziak produktuak ezagutu, dastatu eta erosteko aukera egon da udal azokan. Busturialdeko produktuak erabilita, aurkezpenak eta dastaketa azkarrak egin dituzte, tokiko ekoizleen eskutik.
Berazel elkarteak antolatuta, gastrotailerretan parte hartzen ibili dira umeak 14:00ak bitartean. Txokolatea izan dute esku artean; izan ere, Ortutik ahorakoen laguntzagaz, txokolatez betetako koilarak egin dituzte.
Musika ere ez da falta izan gaurkoan, musika eskolako txikienek eman baitiote hasiera Gabonetako azokari. Koruak abestua ostean, musika tresna ezberdinekin zenbait abesti jo dituzte bertan zeudenak kantuan jarrita.
Barturen eta Landabaso harategiek prestatutako bertoko txistorra probatzera hurbildu diren herritar asko ere egon dira, eta horregaz batera, Bizkaiko Txakolina izendapena duten Lapazaran eta Urdaibai txakolinak edateko aukera izan dute.