Bederatzi auzoetako alkateek kargua hartu dute gaur goizean
Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik jaso dituzte datozen lau urteetarako aginte makilak.
Auzo alkatearena figura “berezia, zaharra eta oso baliagarria” dela esan du gaur goizeko ekitaldian Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Herriko bederatzi auzoetako alkateak bildu dira gaur, datozen lau urteetarako aginte makilak hartzeko; alkatearen eskutik jaso dituzte makilak.
Auzo alkatearen figura lehen gobernu demokratikoa sortu zenetik datorrela gogorarazi du Abaroak, eta bere funtzio nagusia da Bermeoko baserri auzoen eta herriko udalaren arteko zubia izatea: “Auzo hauetan sortu daitezkeen proposamen, beharrizan edo arazoak inork baino hobeto ezagutzen ditu auzo alkateak eta herriko udal gobernuarekin batera auzogunea hobetzeko lan egitea da bere lana”. Auzo alkateak udalarentzako figura lagungarriak dira Abararoaren ustez, “auzoekin interlokuzio zuzena lortzen delako”.
Bermeoren nortasuna eta jatorriaren argazki bizia direla esan die alkateak gaurko ekitaldian: “Nik behin baino gehiagotan esan dut bermeotarrok itsasoaren ondoan bizi garen baserritarrak eta mendi eta auzoz inguraturiko itsastarrak garela. Gure bederatzi auzoek eta auzoetako alkateak zarete horren adibiderik argienak; zuek kresalez beteriko baserritarron odola daramazue zainetan”.
Alkateak ekitaldia aprobetxatu du, egunez egun, borondate eta ilusio guztiarekin, Bermeo hobe bat lortzeko lan nekaezin eta eskerga egiten duten herritar eta talde guztiak balioan jartzeko; horien artean daude auzo alkateak.

Bederatzi auzoetako alkateak, Bermeoko Udaleko alkateagaz
Honakoak dira datozen lau urteetarako auzo alkateak:
- Arane: Jose Angel Lasa (errepikatzen du)
- Almika: Joseba Ugalde (errepikatzen du)
- San Andres: Jon Patxi Gutierrez (errepikatzen du)
- San Migel: Sabino Aberasturi
- Artika: Aizbea Renteria
- Agarre: Asier Elgezabal (errepikatzen du)
- Demiku: Milagros Orbe (errepikatzen du)
- Mañu: Eneko Corral
- Arronategi: Izarra Elortegi
Auzo alkateak aukeratzeko prozedura ere berezia dela aipatu dute. Izan ere, gainontzeko hauteskundeetan ez bezala, herritar hauek ez dira bere kabuz aurkezten. Auzoetako herritarrak dira izena paperean idazten dutenak. Ondoren, boto gehien jaso dituen pertsonak kargua onartu edo uko egin diezaioke. Azken hitza berea da. Bozketa azaroaren 10ean izan zen, Espainiako Gorteetarako hauteskunde orokorrekin batera. Auzoetako herritarrek euren hautestontzi propioa izan zuten botoa emateko.

Auzo alkate izandakoak udalak emandako oroigarriagaz
Auzo alkate batzuek errepikatu egingo dute, beste batzuek, ordea, kargua utzi dute eta oroigarri bana jaso dute orain arte egindako lanagatik. Honakoek utzi dute kargua:
- Mañu auzoa: Ixone Ayestaran
- Artike auzoa: Gaizka Ruiz
- San Miguel auzoa: Patxi Erauzkin
- Arronategi auzoa: Javier Bilbao