Urtarrilaren 4tik 5era jokatuko da 24 orduko torneoa
Areto futboleko txapelketarako izena emateko epea abenduaren 26an amaituko da
Hamabosgarrenez antolatu dute 24 orduko txapelketa, eta areto futboleko torneoa izango da. 2017an berreskuratu zen Gernika-Lumon ezaguna zen txapelketa, eta urtarrilaren 4tik 5era bitartean jokatuko da oraingoan.
Hogei taldek parte hartu zuten aurrekoan, eta edizio berrian kopuru hori gainditu nahi dutela esan du Maria Uribe alkateordeak. Santanape kiroldegian eman behar da izena, abenduaren 26a orduko, eta taldeek 10 eta 15 jokalari eduki beharko dituzte. Txapelketan parte hartzeko 60 euro ordaindu behar da taldeko, eta batzen duten dirua ACNUR erakundeari emango diotela esan du Uribek.
Gernika Futbol Salako presidente Xabier Ortuzarrek azaldu du txapelketak izango dituen berritasunak. Hala, azaldu du aurten federatutako epaileak izango direla txapelketan, eta talde bakoitzak 50 euroko fiantza jarri beharko duela. Erreferente izan nahi dute eskualdean, eta seriotasuna eman nahi diote torneoari. Hala, talderen bat partidura agertuko ez balitz, fiantza galduko lukeela azaldu du.
20 minutuko bi zati izango ditu partidu bakoitzak, bost minutuko atsedenarekin. Ordu bakoitzeko partidu bat jokatzea da asmoa, eta finala urtarrilaren 5ean jokatuko da, eguerdi partean, eta Jaboga Bermeosolo jokalariak egingo du ohorezko sakea. . Finalaren aurretik, baina, lagunarteko partidua jokatuko dute emakumezkoen ligan gorengo postuetan dauden bi taldeek: Gora Bilbao taldeko neskak Stilo Kirol klubeko emakumezkoen kontra jokatuko dute. Horrela, emakumezkoen kirolari ere ikusgarritasuna eta garrantzia eman nahi diotela esan du Ortuzarrek.
Kirol patronatuko presidente Jon Lejarragak herritarrak animatu ditu kirolarekin bat egitera, txapelketan parte hartzera eta ikustera joatera.