Marijesien ohitura transmititzea helburu duen proiektua estreinatuko dute gaur Gernika-Lumon
Gaur 20:00etan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian estreinatuko dute, eta abenduaren 20an ere proiektatuko dute leku eta ordu berean. Foruarrek, berriz, abenduaren 23an ikusi ahalko dute udaletxean.
Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan proiektua aurkeztu zuten atzo Gernika-Lumoko Marijesiek Bilbon. Gaur 20:00etan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian estreinatuko dute, eta abenduaren 20an ere proiektatuko dute leku eta ordu berean. Foruarrek, berriz, abenduaren 23an, 19:00etan, ikusi ahalko dute udaletxean.
Udalerrian errotuta dagoen tradizioari buruzko proiektuagaz, Marijesien ohitura batzea, gordetzea eta transmititzea bilatu dute: “Gure proiektu honek tradizio hau batu, gorde eta transmititu gura du bere balore eta guzti, besteak beste, gernikarron ikur bihurtu delako”. Halaber, jatorriz gizonezkoena den ohituran emakumeen parte hartzea “era modelikoan” burutu dutela diote: “Gizonezkoena zen tradizio bat gaurkotu eta era normalizatuan andrazkoen integrazioa bideratu dugu”.
Proiektua burutzearen ideia Marijesien taldeari otu zitzaion orain dela urte batzuk, eta hasieratik aparteko erronka izan dela onartu dute; izan ere, “orain urte askotako” ideia dela diote, azkenean 2018 eta 2019 urteetan gauzatu dena. Proiektuaren gauzatzea, gainera, bat dator Gernika-Lumoko Goitia inprentak 1919an argitaratu zuen Pedro Bidagurenek atondutako Marijesiac. Burus euquiteco diranac izeneko kopladun liburuxkagaz. “Zortzi orrialdeko liburu hartan garai haietako hemeroteka ikus daiteke, antzinatik kantatzen ziren marijesiaen koplak batu zituelako”.
Gaur aurkeztutako proiektuagaz ere, informazioa batu gura izan dute. Horretarako, testigantza eta dokumentu asko batu behar izan dituzte, eta proiektua bideratzeko XXI. mendeko teknologia erabili behar izan dute: “Besteren artean, erregistro sonoroak, irudiak, euskarri digitalak edota metadatuak batzeko azken mendeko teknologia behar izan dugu”.
Proiektuaren osagaiak. Proiektua bost euskarritan banatu dute Marijesiek: dokumentala, audio diskoa, kopladun liburuxka, zabalkunde liburua eta webgunea. Euskarri bakoitzean eduki desberdinak jasotzen dituzte.
Domekumentalak 50 minutu irauten du, eta Oier Plaza zuzendari gernikarrak burututakoa da. “37 pertsonen testigantzak jaso dira banakako elkarrizketetatik. Halaber, Gernikako Marijesien taldea eta Andra Mari Korala kantuan ageri dira”, adierazi dute.
Entzunezko erregistroan benetako errondetan iaz grabatutakoak entzun daitezke, “bizi-bizian, ibilian edota geldian”. Hala, errondetan abesten diren hiru melodiak entzun daitezke. Diskoagaz gainera, datu osagarriak aurkezten dira: leku bakoitzean abesten diren koplak, kasuan kasuko bakarlariak, erronden iraupena edota gaueko tenperatura. Guztira 40 pista dira, 67 kopla batzen dituztenak.
Koplen liburuxkan, berriz, udalerrian abesten diren 44 kopla ageri dira, euren partitura eta guzti. Ohituraren zabalkunderako liburuan Gernika hain errotuta dagoen tradizioaren iragana eta oraina jaso dute. “Dokumentaziorik garrantzitsuenak erakusten ditu”, esan dute, eta gerora begira liburu “mardulagoa” ere argitaratu nahi dutela adierazi dute, “era sakonagoan gaiari buruz dagoen dokumentazio guztia batzeko eta zabaltzeko”. Liburuko testua Amagoia Lopez de Larruzea Zaratek idatzi du, eta argazkiak prentsako argazkilariek utzitakoak dira.
Webgunea ere martxan jarriko dutela aitortu dute, “proiektuaren materiala zabaltzeko eta ezagutarazteko”. Halaber, parte hartzaileentzako “elkargune” bilakatu gura dute: “Bizkaiko Marijesiei ere lekua egingo diegu, beste leku batzuetan tokiaren araberako berezitasunekin tradizioari eutsi dielako”. Artxibo zabala ikusi ahalko dela diote: argazkiak, grabazioak, argitalpenak, eta intereseko beste atal batzuk.
Marijesiek proiektua burutzen lagundu dietenei eskerrak eman dizkiete, “erakunde pribatu zein publikoei eta taldeei”.
Proiekzioak:
– Gaur: Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 20:00etan.
– Abenduak 19: Gernika-Lumoko Lizeo Antzokian, 20:00etan.
– Abenduak 23: Foruko udaletxeaan, 19:00etan.
– Abenduak 26: Durangoko Museoaren Etxezarreta Jauregian, 19:00etan.
– Abenduak 28: Baionako Euskal Museoaren Argitu aretoan, 11:00etan.
– Otsailak 5: Bizkaiko Foru Aldundiko Foru Liburutegian; ordua zehazteke.