"Instituzioek egin nahi ez dutena egin dugu, betiere elkartasunean oinarrituta"
Gernika-Lumon okupatutako Bloke Naranja hustu zuten atzo. Eztenako kideak sartu ziren eraikinean hamabi errefuxiatu bizi izan dira urtebetean, eta aterperik barik geratu dira orain.
“Bloke Naranja espazio modura erabiltzeari utzi behar izan diogu, baina eraikina okupatu genueneko arazoek oraindik hor diraute”. Duela urte eta erdi sartu ziren gazte mugimenduko kideak Gernika-Lumoko Bloke Naranjara, eta urte batean errefuxiatuen bizilekua izan da.
Orain hilabete inguru, baina, etxebizitzaren zati bat erre zen, eta ordutik ez dute erabili. Atzo, gainera, hustu egin zuten. Orain, bizitzeko espazio hori izan ez arren, gazte mugimenduaren proiektuak aurrera jarraitzen duela diote Maddi Amezaga eta Mikel Kaltzakorta Eztena mugimenduko kideek: “Gizartean zeuden behar batzuei aurre egiteko sartu ginen blokean, eta orain ere gure helburuak berdinak dira. Arazoei erantzun behar diegu. Errefuxiatuen babesgabetasunak jarraitzen duelako, baita emakume langileen zapalkuntzak edota pentsiodunen borrokak ere”.
“Arazoa globala da, baina gertuko instituzioetatik hasi behar gara lanean”
Gaur egun errefuxiatuek ez daukate aterperik Gernika-Lumon, eta askok bizilekuz aldatu behar izan dutela dio Asier Arejita Harrera Taldeko kideak: “Beste bizitoki bat aurkitu behar dute. Asko beste harrera talde batzuetara joan dira. Beste batzuk, berriz, lagunen etxean geratu dira. Baina prekarietate egoeran jarraitzen dute”.
Hala ere, Arejitak uste du Bloke Naranjan egin duten lana ez dela alperrikakoa izan: “Gernikan pasatu duten denbora ez dute alperrik igaro. Harrera taldetik pasaporteak eta erroldak tramitatzen lagundu diegu. Instituzioek eman ez dieten laguntza herritarrok eman diegu. Helburu horiek lortuta, aurrera jarraitzeko gutxieneko bat badaukate”.
Babes soziala ere jaso dute errefuxiatuek, gizarteak erantzun egin du Busturialdean. Izan ere, Bloke Naranjaren gestioa herritarrek eta bertan bizi ziren errefuxiatuek eraman dute. “Leku autogestionatua izan da, herriari zein errefuxiatuei ekarpen handia egin diona. Gestioa zabalik egon da, harrera osoa bultzatzeko”, adierazi du Arejitak, eta udalerrian ere sare afektiboak sortu direla uste du: “Janari zein arropa bilketak egin ditugu. Ez beharrizanen bestekoak, beharrizanak handiak direlako, baina ahal izan duguna egin dugu”.
Aterpetik harago. Gazte mugimenduko kideek, gainera, eraikina ez dela izan aterpe soil bat nabarmendu dute: “Gure lana ez da izan asistentzia hutsa ematea bakarrik, elkartasuna oinarri hartuta lanketa sakonak bultzatzea baino. Udalerrian eman zaien babesa, egonkortasuna eta asistentzia euren beharrizanetara egokitutakoak izan dira; gutxieneko beharrizanak asetu eta beharrizan sozialak garatu ditugu.
Errefuxiatuak momentu traumatikoak bizi ondoren iritsi ziren udalerrira, eta erakutsi dugu elkarregaz lan eginda arazoei aurre egiteko gai garela. Instituzioek egin nahi izan ez dutena egin dugu, beti elkartasuna oinarri hartuta”.
“Errefuxiatuen egoera hobetzeko bitartekoak jartzeko unea da”
Aterpeak edonon aurki daitezkeela dio Arejitak, baina ez dituztela gutxieneko beharrizanak asetzen: “Herritarrekiko sarea eraiki dugu. Blokea ez da leku bat bakarrik izan. Sareak ehundu ditugu, eta kanpotik etorritakoen eta herritarren harteko hartu eman berriak bultzatu”.
Horrela, Kaltzakortak jakinarazi du errefuxiatu batzuek herrian geratzeko erabakia hartu dutela: “Errefuxiatu batzuk herritarrekin lortutako hartu-emanengatik Busturialdean geratzea erabaki dute, eta hori ere baloratzeko kontua da. Integrazio erreala egon da, benetako sarea izan da sortu duguna”.
Itxurakeria. Herritarrek ahal beste egin dutela uste dute gazte mugimenduko zein Harrera Taldeko kideek, baina bidean zenbait oztopori aurre egin behar izan dietela ere adierazi dute. Benetako integrazio soziala bultzatzeko bitartekoak dira gizarte zerbitzuak eta amankomunazgoa, baina Arejitak dio zerbitzu horietara iristea ez dela horren erraza: “Laguntza sozialak eskatzeko zerbitzuak badaude, instituzioen menpekoak, baina leku horietara joan egin behar da, eta konfiantza sortu. Instituzioek ere euren lana egin behar dute”.
“Egoerari aurre egiteko aukera bakarra bateratzea da; hori erakutsi dugu”
Horren harira, Harrera taldeko kideak uste du instituzioek ez dutela errefuxiatuen gaiari buruzko planik: “Ez dute ezer egituratuta, ez dago planik errefuxiatuak hartzeko. Ez dute beharrizanik planak sortzeko. Euren jarrera itxurakeria besterik ez da. Helena Malenoren lana txalotu eta Gernika Saria eman zioten errefuxiatuei laguntzeagatik, baina ikusten da praktikan udalak ez diola erantzunik ematen errefuxiatuen gaiari”.
Horregatik, pauso txikiak emanez, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela diote: “Arazoa globala da, baina gertuko instituzioetatik hasi behar gara lanean. Pauso txikiak emanez aurrera egin behar da. Gutxieneko batetik hasten ez bagara, ez dugu inoiz handiagorik lortuko. Instituzioek bitartekoak jartzeko unea da“.
Errefuxiatuen arazoa konpontzeko sustraietara jo behar dela deritze gazteek: “Gerrek, ustiaketek edota euren herrialdeetan sortutako arazoek bultzatu dituzte Euskal Herrira etortzera, eta arazo horiek ez dira kasualitateak. Jatorria ezabatu behar da, eta datozenenei ateak ireki”.
Diotenez, gaia ez da modu isolatuan konponduko: “Sektore zapaldu guztiekin batera borrokatu behar da, kolektiboki antolatu. Egoerari aurre egiteko aukera bakarra bateratzea da; hori erakutsi dugu”.
Herriak egindako ahaleginari instituzioak gehitu behar zaizkiela uste dute, baina egindakotik ikasi eta sarea ehuntzen jarraituko dute: “Asko ikasi dugu, erronkak eguneratu ditugu, eta hasierako helburuekin jarraituko dugu”.
Bloke Naranja espazioa bera izan ez arren, sarea sortuta daukate. Zimenduak jarri dituzte, eta aurrerantzean horiek zutik mantenduko dituztela diote.