Yago Dominguezek, Ariane Otxoak eta Unai Zubizarretak irabazi dute Mundakako proba
Iker Amatriain zarauztarra eta Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarra dira Euskal surf zirkuituaren aurtengo txapeldunak. Body board-ean, Unai Zubizarreta oriotarra eta Maddi Fernandez lezoarra izan dira onenak.
Euskal surf eta body board zirkuituetako azken proba lehiatu dute asteburuan, Mundakan eta batik bat zapatuan ikuskizun ederra eskaini ahal izan zuten surflariek. Open surf gizonak kategorian, Yago Dominguez nagusitu zen, open surf neskak kategorian Ariane Otxoa eta body gizonak kategorian Unai Zubizarreta. Azken modalitate horretan ez zuten emakumezkoen proba lehiatu.
Mundakakoa surf zirkuituko laugarren eta azken proba izan da; Deban hasi zuten txapelketa eta ondoren Sopelanan lehiatu zuten bigarren proba. Orruakoa, ostera, bertan behera utzi behar izan zuten. Marea hilak egom arren, Mundakan olatu onak hartzeko aukera eduki dute, batez ere zapatuan. Domekan, berriz, surflariak goizean goiz uretaratu ziren, proba baldintzarik onenetan amaitu ahal izateko.
Emakumezkoetan lehia estua izan zuten lehen biek. Lau hamarren arteko aldea baino ez zen egon Otxoa bilbotarraren eta Janire Gonzalez-Etxebarri zumaiarraren artean. Azken horrek hartu zuen finaleko olatu onena (7,5). Zumaiarrak 3,01 behar zuen proba irabazteko, baina ez zuen lortu. Halere, 14 urteko gazteak denboraldi bikaina egin du.
Gizonezkoetan ezustekoak egon ziren, eta aurreko probetan hobeto aritutako surflariak finaletik kanpo geratu ziren. Dominguez eta Imanol Yeregi nagusitu ziren finalaurrekoetan, eta Bitor Garitaonaindia eta Marcos San Segundo zein bere multzoan bigarren sailkatuta sartu ziren finalean. Olatu gutxiko final motela izan zen, baina Dominguezek ondo aprobetxatu zuen olatu handi batek emandako aukera (epaileek 8,50 nota jarri zioten).
Azken proba eginda, aurtengo bi zirkuituetako txapeldunak erabakita geratu dira. Open surf gizonak kategorian Iker Amatriain zarauztarra izan da garailea, 2.110 puntugaz, eta Adur anaia sailkatu da bigarren, 2.030 puntugaz. Euren herriko Hodei Collazok osatu du podiuma, 1.878 puntugaz.
Nesketan, Mundakan bigarren sailkatu zen Gonzalez-Etxebarri aurtengo txapelduna, 2.720 puntugaz, eta Otxoa bigarren geratu da, 2.000 puntugaz. Bakioko Paula Nieto sailkatu da hirugarren, 1.950 puntugaz.
Body boardean ere Mundakakoa izan da zirkuituko laugarren eta azken proba. Sopelan lehiatu zuten lehen proba eta Itzurunen bigarrena. Ereagakoa bertan behar utzi zuten.
Zubizarreta oriotarrak 2.460 puntugaz irabazi du aurtengo zirkuitua; 2.450 puntu bildu ditu Andoni Izaga zumaiarra. Unai Insausti zarauztarra geratu da hirugarren, 1.970 puntugaz. Kategoria honetako nesken lehiarik ez dute eduki Mundakan; Sopeña eta Itzurungo probak izan ziren puntuagarriak, eta bietan nagusituta, Maddi Fernandez lezoarra izan da garailea (2.000 puntu). Lorena Gurrutxaga (1.590 puntu) eta Rocio Leizaola (1.340 puntu) sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
*Argazkiak: Euskal Herriko Surf Federazioa