Olentzeroren Laguntzaileek herritarren parte hartzea eskatzen dute
Laguntzeko prest dauden horiek 'olentzerorenlaguntzaileak18@gmail.com' helbide elektronikora mezu bat bidali ahalko dute. Sare sozialetan (facebook eta instagram) ere badaude olentzeroren laguntzaileak izenagaz.
Erronka berri bati ekin zioten iaz Olentzeroren Laguntzaileek; Euskeraz Berbetan taldeak utzitako lekukoa hartu zuten, eta Olentzero eta Mari Domingiri ongietorria emateko kalejira antolatzeko ardura hartu zuten. Kalejira “herrikoia eta parte hartzailea” antolatu gura zuten, eta herriko elkarteekin eta bizilagunekin batera lortu zuten. “Uste dugu elkarlana eta elkarrekintza izan zirela iazko arrakastaren oinarri. Egongo ote da herriko eragile eta norbanakoak danak batera lan egiteko Gabon Gaua baino egun egokiagorik?”, diote.
Iazko arrakasta ikusita, aurten ere, modu berdinean lanean dabiltza, eta horretarako herritarrak gonbidatzen dituzte parte hartzera. Laguntzeko prest dauden horiek olentzerorenlaguntzaileak18@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali ahalko dute. Sare sozialetan (facebook eta instagram) ere badaude olentzeroren laguntzaileak izenagaz.
Lagunarteko afari batean sortu zitzaien ideia: “2018ko udazkenean jakin genuen zelan ordura arte urte luzez Olentzeroren kalejira antolatzen ibili ziren Euskeraz Berbetan taldekoek arazoak izan zituztela azken urtean eta ez zutela gehiago euren gain ardura hori hartuko. Afaltzen geunden bitartean, herriarentzako Olentzeroren kalejirarik ez egoteak zer suposatuko lukeen pentsatzen hasi ginen; onartezina zen gure ustez, eta baten batek plazaratu zuen Olentzero eta Mari Domingiren kalejira antolatzeko erronka. Euskeraz Berbetan taldekoei ordura arte egindako lana eskertu gura diegu, bai eta gaur egun laguntzeko prest agertzea ere”.
Hasieratik argi zeukaten ordura arte egindako kalejiran aldaketa batzuk egin gura zituztela, eta kalejira “herrikoiagoa” egin gura zutela. Hala, kalejiraren ostean, jaia eremu bakar baten batu gura izan zuten: “Modu horretan, herritarrek Gabon Gauean aktiboki parte hartzea lortu genezakeen”. Herriko kultur talde ezberdinekaz harremanetan jarrita eta herritarren laguntzarekin, hortaz, Ataldetik abiatutako kalejira txiki bat egin zuten, Goiko Plazaraino. Han jarraitu zuten ondoren jai giroan; ipuin kontalariak, jolasak, txalaparta, txistulariak, dantzak, irrintzilariak, kantak, erraldoiak, txokolate jana… 20:30ak bitartean arratsalde “berezia” antolatu zuten. Goiko Plaza betetzea lortu zuten, giro ezin hobean.
Aurten ere, Gabon Gau “parte hartzaile eta herrikoia” antolatzeko asmoz, herritarrak deitzen dituzte Olentzeroren Laguntzaile bihurtzera.