Imanol Goñik irabazi du I. Kaltzadan Gora Xtrem
Natxituarrak 7 minutu eta 28 segundotan egin du kilometro bertikala. Emakumezkoetan, Laiane Arrospide tolosarra izan da azkarrena, eta herriko lehenengoa, berriz, Iñaki Ereño izan da.
San Nikolas jaien hasiera berezia eduki dute elantxobetarrek, gaur. 11:30ean hasita, erlojupeko Kaltzadan Gora Xtrem kilometro bertikala lehiatu dute lehenengoz, eta arrakastatsua izan da. Atxurkulu M.K, Elantxobeko Arraun Elkarteak eta udalak antolatu dute.
46 korrikalari zeuden izena emanda, eta 44k parte hartu dute. Parte hartzaileak zein antolatzaileak pozik egon dira amaieran. Balorazio oso positiboa egin dutela esan du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak. “Gure ardura nagusia parte hartzaileak jagotea izan da”.1.300 metro egin dituzte udalerriko aldatz malkartsuetan gora, eta 300 metroko desnibela gainditu behar izan dute.
Probak izan duen erantzunagaz harrituta daudela gaineratu du: “Ez genuen espero hainbeste apuntatuko zirenik. Umeen krosa egon da aurretik, eta bertan ere askok parte hartu dute. Eguraldiak ere lagundu digu, eta giro ederra sortu da herrian”. Gaurkoa ikusita, datorren urtean ere egiteko asmoa daukate.
Imanol Goñi natxituarra izan da kilometro bertikaleko azkarrena, 07:28 markagaz. 20 segundo atera dizkio Javi Goitia gernikarrari. Julen Aranguena kortezubitarrak osatu du podiuma, 07:51 denboragaz.
Bi emakumezkok parte hartu dute, eta Laiane Arrospide izan da irabazlea, 10:31 markagaz. Uxuri Agirrezabaldegi elorriotarrak, berriz, 12:55ean egin du proba.
Iñaki Ereño izan da lehen elantxobetarra, eta Gaizka Lobatok eta Jon Zamezak osatu dute herriko lehenengoen podiuma.
Mozorrotuta, korrika. 11:00etan, umeen herri krosagaz hasi dituzte jaiak. Hogei bat urtetan galduta eduki duten ohitura berreskuratu dute. Etxetxutik Bidebarrira joan dira korrika, eta euren mozorroekin koloreztatu dute lasterketa. Gogotsu egin dute proba, eta txikienak guraso edo familiakoek lagunduta joan dira. Amaieran denek jaso dituzte dominak.
Eguerdian, trikipoteogaz musikatu dute herria; txokorik txoko ibili dira makuesak. Arratsaldean, Mus Txapelketa jokatuko dute Kraken tabernan, 17:00etatik aurrera. Bikoteko 20 euro ordainduko dituzte parte hartzaileek. Gorgonio Kultur Etxean, ostera, Tor Magoaren ikuskizuna eta karaokea izango dituzte. 18:30ean hasiko da Tor Magoa.
Domekan agurtuko dituzte San Nikolas jaiak. Marrazki lehiaketa egingo dute kultur etxean, eta irabazlearen irudiagaz osatuko dute udalak Gabonetan herritarrei banatzen dien postala.
Asteburuko egitaraua:
BIHAR
- 13:00. Beti Galdu kuadrillagaz kantaldia, portuan.
- 17:30. Zinema, Gorgonio Renteria Kultur Etxean.
ETZI
- 12:30. Umeentzako marrazki lehiaketa, Gorgonio Renteria Kultur Etxean.