Gabonetako argiak piztu dituzte Bermeon
Aurten 25 urte betetzen dituen Erroxape Emakumeen Elkarteak oroigarria jaso zuen alkatearen eskutik.
Hainbat izan ziren atzo arratsaldean udal azoka ingurura bertaratu ziren bermeotarrak. Ume, gazte zein helduk azoka inguruak bete zituzten 18:00ak inguruan. Gabonetako argiak pizteko ordua zen, eta ez zuten atzerako kontaketa galdu gura.
Erroxapeko Martxa taldeak Gabonetako kanta emanaldia prestatuta zeukan, eta herritarren laguntza izan zuten bizpahiru kantu egiteko. Ondoren, Bermeoko alkate Aritz Abaroak herrian Gabonetako egitaraua prestatzen laguntzen duten herriko elkarteei eskerrak emateko tartea hartu zuen, bai eta aurten 25 urte betetzen dituen Erroxape Emakumeen Elkarteari oroigarri bat emateko ere.
Bertaratutako guztiek atzerako kontaketa egin ostean piztu zituzten Gabonetako argiak. Ondoren, udal azokara sartu eta Berazel elkarteak prestatutako txokolatea eta bizkotxoak dastatzeko aukera eduki zuten han batutakoek.