Lointek Gernika Bizkaiak alde nabarmenagaz irabazi dio Olivaisi
Talde gernikarrak 96-34 irabazi dio talde portugaldarrari Eurokoparen taldeko fasearen azken jardunaldian. Zapatuan ligako partidua daukate Malosten.
Partidu gogoangarria izan zen atzo gauekoa. Eurokoparen taldeko fasearen azken jardunaldia, play off-etako txartela ziurtatuta jokatu zuen Lointek Gernika Bizkaiak, baina, Olivais FCren kontrako partidua irabaztea zen helburua, eta erraz lortu zuen hori. Alde nabarmenagaz, 96-34ko emaitzagaz nagusitu zen etxeko taldea.
Talde portugaldarrak bi jokalari garrantzitsu falta izan zituen. Pibot onena min hartuta, eta besteak bisagaz arazoak zituelako ezin izan zuen bidaiatu. Horrek eragina izan zuen. Mario Lopez entrenatzaile gernikarraren berbetan, “barruko jokoan horrenbesteko desbanbataila dagoenean, ez da erraza 40 minutu jokatzea”, eta eurek 40 minutuan ondo jokatu zutela azpimarratu du.
Taldekako fasean lau garaipen lortu ditu Lointekek, eta laurak garaipen “argiak” izan direla uste du Lopezek. Avenidaren kontrako bi neurketetan ere, ondo jokatu eta bere kontra lehiatzeko kapazak direla erakutsi dutela gaineratu du. Orain arteko bideari eustearen garrantzia aitatu du, “erregularrak izatea eta orain arteko dinamika mantentzea”.
Atzo indartsu hasi zuen neurketa etxeko taldeak; artilleria dena kantxan jarrita. Naiara Diezen bi hirukok eta Gaby Oceteren beste batek portugaldarrak ohartarazteko balio izan zuten. Defendatzea eta korrika egitea; erraza bezain eraginkorra. Horixe egin zuten. Gero, Nogaye Lik, Juana Molinak eta Itziar Ariztimuñok beste “martxa bat” gehiago sartu zioten taldeari. Lo erraldoi bihurtu zen uztai azpian, Molinak jaurtiketa luzeetan daukan maisutasuna agerian utzi zuen beste behin, eta Ariztimuñok makartu zuen taldearen erritmoa.
19-24ko emaitzagaz hasi zuten bigarren laurdena, eta minutuek aurrera egin ahala, markagailuko aldea gero eta nabarmenagoa zen, eta zaleek gozatu zuten. Ariztimuñok ez zuen arazorik izan Olivaisen defentsa apurtzeko eta taldekideei baloiak pasatzeko. 16-0ko partzialagaz partidua erabat zatitu zen bigarren laurdenaren erdialdera. 59-22ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira, eta partiduak ildo beretik jarraitu zuen.
Portugalgo jokalariek faltak behartu zituzten jaurtiketa libreekin puntuak lortzeko asmoz. Baina, horiek ez ziren nahikoa izan aldea murrizteko. Etxekoak euren zereginean jarraitu zuten, eta esaterako, Diez kapitainak lau hiruko egin zituen, eta Belen Arrojo andaluziarrak 15 puntu .
80-27ko emaitzagaz sartu ziren azken txanpara eta marea granatea gozarazi zuten azken laurdenean ere. Denboraldian zehar minutu gutxien jokatu duten jokalariak kantxaratu zituen Lopezek, eta harrobiko Marta Alberdi gernikarrak ere minutu batzuk jokatu zituen.
Malosteko giroa azpimarratu zuen atzo gauean entrenatzaile gernikarrak, eta hurrengo fasean Maloste “gotorleku” izatea espero dute. Marea granatearen bultzadak emandako ilusioagaz Europan amets egiten jarraitzeko gogotsu daude.
Dia Liga. Bestalde, Emakumezkoen Ligaren 11. jardunaldia etxean lehiatuko du Lointekek, zapatuan. Campus Prometeren kontra jokatuko du, 18:30etik aurrera.
Sailkapenean hirugarren postuan jarraitzen du talde gernikarrak, 18 puntugaz (zortzi partidu irabazi eta bi galduta). Perfumerias Avenida bigarrenak ere puntu kopuru bera dauka, eta Spar Citylift Gironak liderrak puntu bat gehiago. Campus Promete, ostera, sailkapenaren behekaldean dago. 13 puntugaz hamabigarrena da (hiru garaipen eta zazpi porrot).