2020ko udal aurrekontua egokitzeko parte hartze prozesua zabalik dago
Abenduaren 15era bitartean udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak jasoko ditu Gernika-Lumoko Udalak. Jasotako proposamenak aztertu eta bideragarriak direnak aukeratuko dituzte.
Udal aurrekontua egokitzeko herritarren iritzi eta ekarpenak jaso nahi ditu Gernika-Lumoko Udalak beste urte batez, eta proposamenak jasotzeko herritarren eskura jarri du inprimaki bat udalaren webgunean –www.gernika-lumo.net–. Ekarpenak egin gura dituzten herritarrek abenduaren 15era arteko epea izango dute parte hartzeko.
Behin inprimakia betetan posta elektronikoz bidali beharko dute (partaidetza@gernika-lumo.net) edota udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zentroan (HAZ) aurkeztu ahalko dute.
Orain dela 11 urte jarri zuen martxan udalak herritarren parte hartze prozesua, alkateak auzoz auzo egiten dituen bisitekin hain zuzen. Azken urteetan, baina, batzar horien osagarritzat aurkeztu dute inprimaki bitartez egiteko parte hartze prozesua. Hori horrela, herritarren ideiak, proiektuak eta proposamenak jaso ahalko ditu udalerriko udalak. Proposamenak aztertuta, horien artean teknikoki zein ekonomikoki bideragarriak direnak aukeratuko dituzte, gerora, 2020ko udal aurrekontuen zirriborroan jasoz.
Gernikan erroldatutakoak. Udal aurrekontuak osatzeko proposamenak Gernika-Lumon errondatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek egin ahal izango dituzte.
Udalaren erakunde erregistroan izena emanda duten erakunde edota elkarte, fundazio, sindikatu, enpresa, elkarte, elkargo profesionakl zein herri erakundeek parte hartu ahal dute, “betiere izaera juridikoa izan eta udalerrian egoitza iraunkorra badute”.
Horiek guztiek udalaren eskumenekin zerikusia daukaten hainbat arlori buruzko ideiak bidali ahal izango dituzte; hala nola, berdintasuna, kultura, kirola, ekonomia sustapena, hezkuntza, euskara, gazteria, ingurumena, osasuna, gizarte segurtasuna, babes zibila eta gizarte ekintza gaiei lotutakoak.
Udalak jakinarazi du ekarpen guztiak interes orokorrekoak izan beharko direla. Interes partikularren gainetik, interes orokor eta gizarte onura duten proposamenak onartuko dituelako, eta inolaz ere legez kanpokoak, iraingarriak edota baztertzaileak direnak.