Urdaibaiko erronkak azaldu dituzte klima aldaketari buruzko goi bileran
Ainara Secok eta Mikel Mugikak Urdaibaiko Biosferaren Erreserba ordezkatu zuten atzo Madrilen. Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen goi bilerako mahai inguru batean parte hartu, eta Urdaibaiko goi estuarioa zaharberritzeko proiektua aurkeztu zuten.
Klima aldaketari buruzko Nazio Batuen Erakundearen goi bilera egiten ari dira Madrilen, eta klima aldaketari buruzko erabakiak hartzeko momentuan, egunotan herritarrek aurkezten dituzten iritziak kontuan izango ditu gorengo organoak. Ainara Seco eta Mikel Mugika gazteak Urdaibaiko Biosferaren Erreserba ordezkatzen egon ziren atzo.
Eusko Jaurlaritzak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak eta Unesco etxeak bultzatutako Urdaibai Biosfera Erreserban gazteentzako prestakuntza bekaren hirugarren edizioan jarduteko hautatuak izan ziren bi gazteak, eta atzo Urdaibai ordezkatu zuten Gazteria eta klima aldaaketaren aurkako borroka izeneko mahai inguruan. Zona Berdea deituriko atalean egin zen mahai inguruan parte hartu zuten.
Bertan, Biosfera Erreserbetako hainbat ordezkarik klima aldaketaren aurkako borrokan arrakasta izan duten hainbat kasu azaldu zituzten. Euskal gazteek Oka ibaiaren itsasadarreko goi-estuarioa zaharberritzeko proiektua aurkeztu zuten, Urdaibaik itsasertzeko sistema gisa dituen erronka handiak azalduz. Era berean, proiektu horrek aurreikusten dituen tokiko klima aldaketara egokitzeko neurriak ere azaldu zituzten, eta horrek mundu osoko Garapen Iraunkorreko Helburuei zelan lagundu ahalko dien kontatu zuten.
Horrez gain, Secok eta Mugikak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako prestakuntza bekarekin izandako esperientziaz eta Eusko Jaurlaritzak eta UNESCO Etxeak beka honen bidez gazteei eskaintzen dizkien aukeraz hitz egin zuten.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordea beraien aurkezpenean izan zen, eta Biosfera-Erreserbetako gazteen artean klima-aldaketaren aurkako jardunbide arrakastatsuak aktiboki partekatzeagatik zoriondu zituen.
KOP25eko Zona Berdea eremuak topaketa eta ingurumenaren kontzientziaziora zuzendutako zazpi espazio desberdin ditu eta horietan gizarte zibil osoak zuzenean parte hartzea erraztu dute. Atzoko mahai-inguruaren helburua gazteriaren gobernantza eta ahalduntzea hobetzea izan zen, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko tresna gisa.