Bermeo eta Gernikako Gabonetako argiak piztuko dituzte bihar
Bi herrietan 18:00etan batuko dira herritarrak; Bermeon udal azokan eta Gernika-Lumon Foru plazan.
Iaz egin modura, aurten ere udal azokan batuko dira bermeotarrak Gabonetako argiak pizteko. 18:00etatik aurrera, Erroxapeko Martxakoekin batera, gabonetako abestiak kantatuko dituzte bertaratutakoek. Gainera, hotzari aurre egiteko udal azokako Berazel elkarteak txokolate beroa prestatuko du. Jakitera eman dutenez, bihar azokako postuak, gainera, arratsaldez ere zabalik edukiko dituzte 17:30etik 20:00etara.
Gernika-Lumon ere, 18:00etan batuko dira herrian Gabonetarako jarri dituzten argiak pizteko. Ekitaldi horretan, aurten herriko ikasleak izango dira protagonista nagusiak. Gernikan batzen direnen artean ere, txokolate beroa eta bizkotxoak banatuko dituzte Foru plazaren inguruan.
Bestalde, zapatuan, 19:00etan, Gabonetako zuhaitz bat piztuko da Lorategietan, eta, ondoren, 20:00etan, ohiko jaiotzaren instalazioa irekiko da Santa Luzia baselizan.
Gernika-Lumoko Udaletik jakitera eman dutenez, argiok 06:00etatik 08:00etara eta 18:00etatik 24:00etara egongo dira egunero piztuta. 17 kale eta plazatan jarri dituzte argiak, eta energia aurreztekotan, aurten ere kontsumo baxuko argiztapena baliatuko du udalak, “goritasun-lanpara arruntek baino %75 gutxiago gastatzen dutenak”.