Badator Mundakako Txakolin Eguna
Aurten bi motatako txakolinak dastatu ahalko dira. Txakolinagaz batera produktu eskaintza zabala egongo da.
Zapatuan egingo dute sasoi honetan ohitura handikoa bilakatu den Txakolin Eguna. Aurten bi motatako txakolinak dastatu ahalko dira Mundakako plazan. Hain zuzen ere, Bakioko Abio eta Busturiko Amunategi ekoizleak izango dira Txakolin Egunean.
11:00etan emango diote hasiera egunari, eta eguerdira arte, Mundakako udaletxeko arkupeetan bilduko dira herritarrak zein bertaratzen diren bisitariak. Eguneko protagonista nagusia txakolina izaten bada ere, txakolinagaz batera beste hainbat produktu egongo dira aukeran; patea, gazta eta etxeko gozoak, esaterako. Era berean, sasoiko produktuak eskaintzen dituen Zabaleko Urdaibaik ere parte hartuko du.
Urtero legez, elkartasunak ere bere lekua edukiko du Txakolin Egunean. Batzokiak antolatuta, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera egongo da udaletxeko arkupeetan. Ekimen horretatik ateratzen duten dirua ongintzazko ekintza batera zuzenduko dute.