EH Bilduk Jaurlaritzari eskatu dio Busturialdeko saneamendu sarea amaitzeko sinatutako hitzarmena betetzea
2014. urtean sinatutako hitzarmena betetzeko, eskualdeko ur saneamendu sarea amaitzeko eskatu dio koalizioak Jaurlaritzari. Izan ere, Jaurlaritzak ez du lanok bukatzeko diru partidatik aurreikusi 2020ko aurrekontuetarako.
2014. urtean URAk eta Busturialdeko Ur Partzuergoak ur saneamendu sarea amaitzeko sinatutako hitzarmena betetzeko exijitu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, Jaurlaritzak ez duela bere konpromisoa bete uste dute kolizio abertzaleko ordezkariek: “2020. urteko aurrekontuetan Jaurlaritzak ez du beharrezko diru partidarik jarri Busturialdeko saneamendu sarea amaitzeko”.
Muxikan batu dira gaur EH Bilduko eskualdeko hainbat ordezkari, eta 2014. urtean sinatutako hitzarmena aurrera eramatea beharrezkoa dela argi esan dute. “Ezkerraldeko herrien ur zikin guztiak jasoko zituen kolektorea egiteko hitzarmena sinatu genuen 2014. urtean URAk eta Busturialdeko Ur Partzuegoak, eta 2018. urterako obra guztiak adjudikatuta egon behar ziren. Oraindik, baina, Muxika eta Gernika-Lumoko kolektoreko obra adjudikatu gabe dago”, azaldu du Iratxe Arriola Eako alkate eta Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente ohiak.
Hori horrela, 15.535.000 euroko konpromisoa bete gabe dagoela adierazi dute, eta Jaurlaritzak 2020. urterako egindako aurrekontuen aurkezpenean saneamendu sarea bukatzeko konpromisorik hartu ez izana salatu dute: “2020 urtera begira ez dute saneamendu sarea bukatzeko diru partida jaso. Beraz, hartutako konpromisoak bete gabe jarraituko du. Datorren urtean ere, ez dugu ur garbi eta saneamendu egokirik izango bere osotasunean”.
Errekaren ezkerraldeko ur zikinak kudeatzeko obraren tarte batzuk bukatuta daude, eta beste batzuetan lanean dabiltza. Hala ere, Muxika eta Gernika-Lumo artekoa “ahalik eta arinen” egin behar dela deritze. Izan ere, Oka ibaiaren inguru horrek berebiziko garrantzia dauka: “Tarte honi egiten dio erreferentzia bete gabe dagoen akordioak, eta inguru oso garrantzitsua da. Industria kontzentrazio oso handia dago, eta industrien ur zikin guztiak ibaira doaz zuzenean”. Halaber, errekak ur emari gehien duen tartea dela azaldu dute, “bizitza gehien jasi dezakeen tartea” hain zuzen.
Horregatik, ezinbestekoa dela Jaurlaritzak bere konproisoa betetzea diote, Urdaibaiko saneamendu egitura osoa baldintzarik egokienetan egoteko. “Atzerapen gehiagorik ez. Jaurlaritzari eskatzen diogu 2020. urteko aurrekontuetan jaso dezala Muxika-Gernika saneamentuko kolektorea egiteko diru konpromisoa”.
Hitzarmena. 2004. urtean hasi ziren errekako ezkerraldeko ur zikinen kudeaketa proiektuagaz. Garai hartan, ur zikinak kudeatuko zituen araztegia Lamiaranen egitea erabaki zuten, eta erreka ezkerraldeko herrien ur zikinak kolektore batzuek bitartez bideratzea erabaki zuten.
Espainiako Gobernuak hartu zuen Lamiaran eraikitzeko ardura, eta Busturialdeko Ur Partzuergoak bere esku hartu zuen desjabetzak egiteko hiru milioi euroko konpromisoa. Bi proiektu horiek eginda daude. Eusko Jaurlaritzak, bere aldetik, kolektoreak egiteko ardura hartu zuen eta Bermeo-Lamiaran, Mundaka-Lamiaran eta Busturia-Sukarrieta arteko konekzioak egin zituen 2006. urterako. Ordutik, baina, ez zela 2014. urtera arte “ezer egin” diote EH Bilduko ordezkariek.
Iratxe Arriola: “Ezkerraldeko herrien ur zikin guztiak jasoko zituen kolektorea egiteko hitzarmena sinatu genuen 2014. urtean. Oraindik, baina, Muxika eta Gernika-Lumoko kolektoreko obra adjudikatu gabe dago”
2014. urtean, 49 milioi euroko hitzarmena sinatuta, Jaurlaritzak obrak bukatzeko konpromisoa hartu zuen, eta tarteak zehaztu zituen. “Zein proiektu, zein tarterako, noiz eta zenbateko aurrekontuagaz egingo zen argi agertzen da hitzarmenean. Ez da interpretagarria, argi agertzen da egin beharrekoa, eta behingoz bukatzea espero dugu”, adierazi du Arriolak.
Muxika eta Gernika-Lumoko tartea adjudikatzeaz gain, Busturia eta Gernika-Lumoko tarteko obra bukatzea falta da oraindik. Beste tarteetako obrak burututa daudela jakinarazi dute koalizio abertzaleko ordekariek.
Jasangarritasunaren alde. Aurten 35 urte beteko dira 1984an UNESCOk Urdaibai ingurua bisofera Erreserba izendatu zuenetik. Horrez gain, 30 urte pasatu dira Eusko Legebiltzarrak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren babes eta ordenatze legea onartu zuenetik. Izendapen horren helburua, lurraren, floaren, faunaren, paisaiaren, uren eta atmosferaren integritatea babestu eta beren errekuperazioa bultzatzea da.
Hala behar luke Urdaibain ere, baina 35 urtetan ez dela egin salatu dute koalizio abertzalekoek: “Izendapen horretatik hainbat urte pasatu arren, bere osotasunean ur zikinak arazteko sistema egoki barik jarraitzen dugu”.
Horregatik, lurrari behar duen balioa eman behar zaiola esan dute: “Lurraldea Urdaibai izendatzea ondo dago, baina edukiz jantzi behar dugu. Eta edukiz janzteko gauza asko egin behar dira: bertan bizitzea posible izatea eta kalitatezko zerbitzu eta enplegu duinak edukitzea besteak beste”.